Getxoko Liburu Azokaren egitaraua apirilaren 20an hasiko da, goizeko 11:00etan, Kids&Us Getxo elkartearen "Around the World" ingelesezko ipuin-kontaketa saioarekin. Ondoren, 12:00etatik 14:00etara, gonbidatutako egileen sinatze-txanda izango da. Aurten, honako idazle hauek parte hartuko dute: Fernando García Pañeda, Fede Merino, Javier Moronatti, Guadalupe Oteo, Fernando de Oyarzo, Fredi Paya, Ramón Piñera, Iñaki Prieto, Luis Santamaría eta Manu Torres. Eguneko eskaintza 20:30ean amaituko da, Ernesto Agirrek eskainiko duen "Cuentos en Fa sostenido" helduentzako ipuin kontaketa saioarekin.
Apirilaren 21ean, "Cuentos y canciones del otro Algorta" ikuskizuna izango da 13:00etan: Ramon Piñerak Uruguaiko Rio Negro departamenduko Algorta herriaren inguruko pasadizoak kontatuko ditu. Arratsaldean, 18:30ean, "Ipuinetan islatzen" familia osoarentzako euskarazko ikuskizuna izango da, Iraide Urkiagaren eskutik.
Apirilaren 22an, "Escuelas de Zabala: 100 años de historia" liburua aurkeztuko du karpan Beatriz Celaya bere egileak, 19:00etan. Azkenik, apirilaren 23an, ikasleen jendaurreko irakurketa bat izango da, lau ikastetxetako 237 ikasleren parte-hartzearekin. Azokaren egitaraua 18:00etan amaituko da Rosa Martinezen "Errekamari" txotxongilo ikuskizunarekin.