Koldo Iturbe Getxoko Euskara zinegotziak gogora ekarri zuen urte asko daramatzetala aipatutako erakundeak lanean bertoko hizkuntza-ondarea jasotzen eta orain bertsolaritzari buruzko liburua horren barruan kokatzen dela. Liburuan parte hartu dutenei eskerrak eman ondoren, gehitu zuen “Uribe Kostan bertsolaritza aspaldiko kontua" dela. "Ez da gauza berria. Ez dugu liburuarekin asmatu eta ez da horrekin amaitzen. Kultur adierazpen hau oso bizirik egon da eta dago Uribe Kostan. Liburuak bertsolari zaharrak ezagun egiten ditu eta eskerrak eman behar dizkiegu euskara eta euskal kultura une zailetan zaindu eta mantendu zutelako. Aurrerantzean ere euskarazko kultur ondare jasotzen eta zaintzen segitu nahi dugu, bakoitzaren Euskara Planetan horrela jasotzen delako”, azaldu zuen Iturbek.
Bestalde, Miren Dobaran Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara zuzendariak proiektuan parte hartu dutenei eskerrak eman zizkien, garai zailetan ere horrelakoak aurrera eramateagatik eta gehitu zuen liburuan agertzen diren bertsolariak harro sentituko liratekeela beren zeregina horrela ikustean. “Lan horiek egitea oso beharrezkoak dira Foru Aldundiarentzat, lehenengo bertsolarien giroan sartzeko aukera ematen digutelako eta arlo soziolingüistikotik ere interes handikoak dira, orduko gizartea zelakoa zen jakiten laguntzen digutelako, gero gaur egungo gazteei transmititzeko”, amaitu zuen Euskara zuzendariak.
Jende askoren fruitua
Fredi Paya liburuaren egilea (Labayru Ikastegiarekin batera), pozik zegoen, aspaldiko ametsa eta urte batzuetako lana kalean ikustegatik. Jende askoren fruitua dela nabarmendu zuen eta eskerrak eman zizkien berari informazioa eman dioten guztiei, bai senideei, bertsolariei eta udalerriko laguni. Hainbat asmoen artean, azpimarratu zuenez, “gure helburua balioan jartzea izan da, erakustea eskualdean nahiz eta euskarak atzerakada handia eduki (gauza batzuk gertatu ziren, bertsolari batzuk erderaz edo elebidunez abesten zuten..), baina demostratu nahi izan dugu, edo behintzat batu, duela 15 urte Unai Elorriaga eta biok ez ginela basamortuko loreak (elkarrizketa titular batean agertu bezala), lur emankor batean jaiotakoak ginela. Hemen bertsolariak egon direla eta bertsolari horiek garrantzi handia eduki dutela, guretzako behintzat”.