“Homofobia iraganeko kontua da” erakusketa izango da maiatzean campusean

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 21a, 15:49

“Homofobia iraganeko kontua da” erakusketa abiatuko du astelehenean EHUko Bizkaiko campusak, Bilboko Ingeniaritza Teknikoko eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskolan. Hainbat zentrotatik igaro ostean, maiatzaren 13an helduko da ekimena Leioa eta Erandioko campusera, Liburutegi Nagusira, eta bertan izango da maiatzaren 17ra arte, Homofobia, Lesbofobia eta Transfobiaren aurkako Nazioarteko Eguna, alegia. Erakusketak maiatzaren 31n bukatuko du bere ibilbidea, tartean zazpi ikastegi zeharkatuta. Sentsibilizazio ekimen horrekin sexu eskubideak giza eskubideak direla eta, ondorioz, unibertsalak izanik ez daudela ohituren edo sinesmen kulturalen menpe aldarrikatu nahi du Aldarte elkarteak, horretarako EHUko Bizkaiko Ikasleen Kontseiluaren, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzaren zein Bizkaiko Campuseko Errektoreordetzaren laguntza izan duela. Argazkia: cc-by-nc Erprofe.

Erakusketak sexu aniztasunarekiko fobia munduan zehar zabalduen dagoen gorrotoetako bat dela ere azaltzen du, hainbat herrialdetan gobernuek beraiek hiltzen eta jazartzen dituztelako LGTTBI kolektiboetako pertsonak (Lesbiana, Gay, Transexual, Transgenero, Bisexual eta Intersexualak).

“Homofobia iraganeko kontua da” erakusketa 13 panelez osatuta dago. Bertan, euskaraz eta espainolez, LGTTBI kolektiboaren sexu eskubideek izan duten garapena azaltzen duten datuak aurki daitezke.

Homofobiaren aurkako Nazioarteko Egunari begira, Bizkaiko Foru Aldundiko Berdintasunerako Zuzendaritzak hezkuntza arloan kokatu du bere sentsibilizazio kanpaina. Hori dela eta, Aratz Castro UPV/EHUko Ikasleen Kontseiluko presidenteak adierazi duenez, “Bizkaiko Ikasleen Kontseiluan uste dugu gu ere partaide aktiboak izan behar garela holako sentsibilizazio kanpaina batean eta, horregatik, oso positibo ikusten dugu ikasleriatik ere sexu aniztasuna bultzatzea”.

Erakusketaren egutegia

• Apirilaren 22tik 26ra: Bilboko Industria Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola eta Meatzeen eta Herri Lanen Ingeniaritza Teknikoko Unibertsitate Eskola.

• Apirilaren 29tik maiatzaren 3ra: Bilboko Enpresa Ikasketen Unibertsitate Eskola.

• Maiatzaren 6tik 10era: Nautika eta Itsasontzi-makineria Goi Eskola Teknikoa.

• Maiatzaren 13tik 17ra: Liburutegi Nagusia, Leioa.

• Maiatzaren 20tik 24ra: Ekonomia eta Enpresa Zientzien Fakultatea.

• Maiatzaren 27tik 31ra: Bilboko Ingeniaritza Goi Eskola Teknikoa.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun