Liburuaren Eguna ospatuko dute ostegunera arte Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 23a, 20:13

Kultur Leioak hainbat aktibitate izango du aste honetan Liburuaren Eguna ospatzeko. Bertako arduradunen ustez, "egitarau anitza, adin guztientzat, irakurtzera animatzeko helburua duena" abiatu dute. Gauzak horrela, astean zehar Leioako liburutegiak TxikiTxokoaren gida bidaliko die 2012an jaiotako umeen gurasoei. Gaur, asteartea eta Liburuaren Eguna, Aterpe Leioa Gazteguneak bookcrossinga antolatu du egun osorako, Leioako kaleetatik egiten dihardutena. Arratsaldean, 19:30ean, liburutegian, poesia errezitaldia izango da Poetaliaren eskutik. Bihar, ordea, Ondizko dorrean, Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)” liburua aurkeztuko dute. Fredi Payak eta Labayru Ikastegiak egindako Uribe Kostako bertsolaritzaren historia, herriz-herri, ezagutzeko lan aproposa da. Inguruko bertsolaritzaren ezaugarriak azaldu eta bertsolari garrantzitsuenen biografiak biltzen ditu. Aurkezpena Fredi Payak berak egingo du, liburuaren nondik norakoak azalduko dituela, baina horretaz gain, Leioako ikastetxeetako bertso-eskolen ikasleak ere izango dira eurek egindako bertso batzuk kantatzeko. Hurreratzen diren lagunek liburuaren ale bana jasoko dute doan. Leioako liburuaren inguruko ekimenei amaiera emateko, apirilaren 25ean, osteguna, 18:00etan, Ixabel Millet ipuin kontalaria izango da haur liburutegian. Espainolez izango den ekitaldi hori 5 eta 9 urte bitarteko umeentzat pentsatuta dago. Argazkian, pasa den asteazkenean aurkeztu zuten “Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)” liburua Areetan / © Getxo.net.

Ondizko dorretxearen inaugurazioa

Kultur Leioak prestaturiko egitarauan zer edo zer azpimagarria bada hori Ondizko dorretxearen inaugurazioa eta barrutik ezagutzeko aukera izango da. Izan ere, eraikina zaharberritzeko lanak amaituta daude dagoeneko eta leioaztar guztientzat irekita da jada. Erakin berriztatu horrek hartuko duen lehen kultur ekitaldia Uribe Kostako bertsolaritzari buruzko liburuaren aurkezpena izango da, bihar, arratsaldeko 19.30ean.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun