Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak Erandio, Neguri eta beste hainbat ertzain-etxe itxiko dituela salatu dute gaur goizean Ernek eta ELAk. Ertzaintzako sindikatu nagusiek helburu horrekin elkarretaratzea egin dute Erandioko ertzain-hiriaren aurrean. Efe albiste-agentziari azaldu diotenez, dagoeneko Basauri, Galdakao, Azkoitia eta Zarauzko komisariak desagerraztea aurreikusita dauka Sailak. Roberto Seijo Erneko eledunaren ustez, asmo horiek "aurreko urteetatik datoz, baina orain berreskuratu dituztela dirudi". Halere, Erneren ustez, aipatutakoak baino plan gehiago daude, lanpostuen aldaketak edota itxiera ekarriko lituzketenak. Horiek Erandio, Getxo, Balmaseda, Sestao, Muskiz, Beasain eta Zumarragako polizia-etxeei eragingo liekete. Poliziaren ustez, itxi beharrean, ertzain-etxe "gehiago ireki beharko lituzkete" eta Estefania Beltran de Heredia sailburuari elkarrizketa eskatu dio. Pasa den urteko maiatzean Erandioko Udalbatzak Altzagako ertzain-etxearen lokal batzuk erabili ahal izatea eskatu zuen, bertan herriko Udaltzaingoa kokatzeko. EAJk eta PSE-EEk hitzartu zuten testua. Bildu, ordea, abstenitu zen, besteak beste Ertzaintzak eraikin osoa hustea nahi baitzuen. PPk, ordez, ezetza bozkatu eta erabateko babesa eman zion presentzia polizialari. Argazkian, goizeko elkarretaratzea / © Erne.