Iker Rodrigo: "Terrorismoa goratzea"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 24a, 11:56

Apirilaren 15ean goizeko bederatziak laurden gutxiagotan atxilotu ninduen Guardia Zibilak Txopoetan jarritako kontrol batean. Itzubaltzeta / Romoko irteera guztiak hartuak zituzten helburu argi batekin, egun horretan atxilotu behar ninduten, muntai juridiko eta komunikatiboa antolatua zuten eta goiz hartan dena martxan jartzeko nire atxiloketa beharrezkoa zuten. Kotxea geldiarazi, NAN-a eta kotxeko paperak eskatu, kotxetik ateratzeko agindua eman eta “está usted detenido por un delito de enaltecimiento del terrorismo” esan zidan guardia zibil horien buruak. Haien planaren lehen urratsa emana zeukaten. Argazkian, Iker Rodrigo Basterretxea Bizkaiko Sorturen koordinatzaileordea Eloy Velasco epaileak aske baina auziperatuta utzi zuen egunean.

Amorrua, haserrea, gorrotoa, nazka, beldurra, mina, inpotentzia... hainbat sentimendu korapilatu zitzaizkidan guardia zibilez inguratua, eskuburdinak jarri eta patrol-era sartu nindutenean. Hortik La Salveko ziega ziztrin batera eraman ninduten eta metro laurogeiko zabalera eta bi eta erdiko luzera dituen ziega txikiari bueltak eta bueltak emateari ekin nion. Hiru pausu eta erdi aurrerantz, hormara arte, buelta eta beste hiru pausu eta erdi aurrera ere, (atzerapausorik ez!) ziegako atera heldu arte. Bueltak eta bueltak, pausu txikiak emanez pausu gehiago emateko, bueltak eta bueltak ziega txikiari eta baita buruari ere.

La Salveko ziega txiki hartan burura etortzen zitzaizkidan Xabier Lopez Peña eta bera bezala ziega txikietan urteak bueltaka eman dituzten eta ematen dituzten euskal preso politikoak. Beraiek gogoan, pausoka burura ideiak barra barra etortzen zitzaizkidan.

Kartzela politika krudelak eraildako preso politiko baten gorpua jasotzea eta senideei babesa adieraztea "enaltecimiento del terrorismo" omen da espainolentzat baina oker dabiltza, terrorismoaren salaketa egitea da, estatu terrorismoarena hain zuzen. Izan ere terrorismoa da Xabierrekin eta beren senideekin estatuek egin dutena. Xabierren egoeraren inguruan familiari inolako berririk ez ematea, bizirik ikusteko trabak jartzea eta hil ondoren ere, hil eta hamahiru ordu igaro arte heriotzaren berri ez ematea, familiaren konfiantzazko medikuak ez onartzea... guzti hori eta gehiago egin zuten Xabierren familiarekin, hori bai dela terrorismo krudela. Terrorismo basatia da estatuek aurrera daramaten espetxe politika, ondo baino hobeto dakigu hori egunero sufritzen dugulako.

Azken hilabete hauetan espetxe politikaren aurpegirik krudelenak sufritu izan ditugu. Arkaitz Bellon Elorrixoko presoa Sevillan eta Xabier Aranburu ondarrutarra Muret-en jipoituak izan ziren, Jaen-en dispertsatua daukaten Jabi Martinez bisitatzera joandako lagunak istripua izan zuten, Kitxu, Itzubaltzeta / Romoko preso politikoari 197/2006 doktrina aplikatuz kondena luzatu zioten edo Algortako Angel Figueroa gaixotasun larri baten ondorioz etxean preso zegoelarik haren heriotza ere bizi izan genuen... adibideak asko dira, egunero herri honetan mantentzen den biolentziaren adibideak. Estatuen ezintasun eta ahuldadearen adibideak.

Espetxe politika krudelari elkartasunaren kriminalizazioa gehitu diote, egun delitua da presoekiko elkartasuna edo espetxe politikaren salaketa egitea. Salbuespen egoera mantentzen dute Euskal Herrian, horrek geldituko gaituelakoan. Aspaldi lagun batek esan zidan, “nos conocen pero no nos entienden". Ez dute ulertzen bide horretan jai daukatela, euskal herritarrok ez garela mehatxuen aurrean geldirik egongo, aurrera egiteko determinazio osoa daukagulako. Ez gara zain eta isilik egongo, lanean jarraituko dugu euskal preso politiko guztiak etxean izan arte eta herri honen etorkizuna erabakitzeko eskubidea lortu arte, hori baita independentzia eskuratzeko bidea.

Estatuaren ezintasunaren ondorioz eta ez ezer goraipatzeagatik atxilotu ninduten. Euskal Herrian zabaldu dugun egoerara ezin egokitu eta Euskal herritarron gehiengo zabalek onartzen ez duten errezeta zaharretara mugatzen diren estatuen aurrean gaude, demokrazia izpirik erakusten ez duten estatuak.

Euskal herriarentzat eskaintza demokratikorik ez dute, ez diote herri honi bere etorkizuna erabakitzen utzi nahi jakin badakitelako herri honen erabakia zein izango den eta horregatik ilegalizazio hotsekin erantzuten digute, zaharkituriko errezetekin, salbuespen egoerarekin. Inoiz ez naiz izan "gero eta txarrago, hobeto” esaldiaren aldekoa. Egun ezta ere, baina La Salveko ziegan horrelakoak zetozkidan burura; gaizki, ahul egon behar du Estatuak horrelako urratsak beharrezkoak dituenean. Sorturen kontra egiteko erabili nahi naute, Urquijok larunbatean argi esan zuen, Sorturen kontrako "indizioak” batzen zegoela Fiskaltzaren esku uzteko eta ilegalizazioari bidea egiteko, aste honetan ere bide berdinetik datozkigu, indizioak eta frogak bilatzen eta asmatzen, orain preso politikoez hitz egitea ere delitu omen... gaizki dabil horrelako urratsak eman behar dituen estatua.

Bai, Txopoetan jarritako kontrolaren helburua ez zen ni atxiloketa, Sorturi abisua (eta auskalo abisuaz gain zerbait gehiago etorriko ez den) ematea zen. Ilegalizazioaren aro berria zabaltzea Euskal herrian zabalduriko prozesua geldiarazteko. Estatuak badakielako herri honetan martxan den prozesuaren edozein esparrutan urratsak ematea eremu independentista hauspotzea ekar dezakeela eta horren aurrean ez duela ezer egiterik.

Estatuaren ezintasun politikoari aurre egingo diogu, ezin dugu Estatutik ezer berririk espero, ez digute ezer oparituko, ez dute gatazka politiko eta armatuari irtenbidea emango dion urratsik eman nahi, ez dute borondaterik eta ez dute izango, horretan galtzaile ikusten baitira. Honek erronka zailtzen du baina orain arte egindako urteetako ibilbide luzea ere ez da inolaz ere erraza izan, zailtasunak gainditu egin ditugu eta gainditzen jarraitu beharra daukagu. Egoera honen aurrean bi aukera ditugu, Estatuaren borondatea edo helduko ez den eskaintza bat egin bitartean zain egon edo urrats erabakigarriak ematen jarraitu. Hautua argia da, aurrera egin behar dugu, herri bezala pentsatu eta eragin beharra dugu, inoren zain egon gabe, inori baimena eskatu gabe.

Joko zelaia ez dago Madril edo Parisen, ez dago La Salveko ziega zikinetan, joko zelaia Euskal Herrian, etxean, kalean dugu. Gai izan behar gara gehiengoak batzeko, presoen etxeratzearen alde, gatazkaren konponbidearen alde, erabakitzeko eskubidearen alde eta herri honen sektore estrategikoen eraikuntzan ere. Soilik horrela lortuko dugu estatua mugitzea, soilik horrela egingo dugu aurrera. Estatu ukatzaileen aurrean bere buruaren jabe izan nahi duen herri bat altxatu beharra daukagu eta hori soilik eguneroko lanaren bitartez lortuko dugu. Ez digute bidea erraztuko, trabak jarriko dizkigute, errepresioarekin erantzungo dute, inposizio berriekin... baina ausardiaz eta determinazioaz jokatzen badugu irabaz dezakegu. Estaturi begira egon beharrean gure herrian kokatu behar dugu begirada, gure arteko aliantzak sendotu eta herri bezala erantzun, hori da gure hautua, hori da gure bidea eta hori izango da bidean utzi ditugunei egingo diegun omenaldirik hoberena: GARAIPENA.

Iker Rodrigo Basterretxea Bizkaiko Sortu alderdiaren koordinatzaileordea
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun