Bide horretan, analisi urbano bat egingo da lehendabizi eta hiri-eredua eraikiko da ostean; beti ere eredu barneratzailea, hau da, herritarren adin, sexu, jatorri, baldintza fisiko edota ekonomiko ezberdinak kontuan izango duen eredua bermatzeko irizpideetan oinarrituz. Prozesu horren emaitzak herriko hirigintza araudian, Arau Subsidiarioetan, Lurraldeko Zati Planean, etorkizuneko HAPOn eta bestelakoetan islatuko dira etorkizunean, hori bermatzeko sortuko den gida baten bitartez.
Genero-ikuspegiko hirigintzaren asmoa, eta ondorioz prozesu horrek bilatzen duen helburu orokorra, "herritar guztiek herriko espazio publikoan parte hartu eta honetaz goza dezaten oinarrizko baldintzak bermatzea da, eta horretarako erabakiak hartzeko dauden aldeak ere murriztea", Udal Gobernuaren ustez.
Izan ere, "berdintasunaren bidean aurrerapauso ugari eman diren honetan, eguneroko bizitzari erreferentzia gutxi egiten dion hirigintza eredua nabarmentzen dela esan dezakegu, eta sexuei edota adinari loturik rolen eragina sumatu dezakegu, agertzen diren espazio ezberdinduei eta hiriaren egituraketan lehenesten diren funtzioei so eginez: kotxearen erabilera gailentzen duen hiria, arlo produktiboa erreproduktiboaren gainetik kokatzen duena, elkarbizitzarako espazioen kalitateari behar bezain beste so egiten ez diona, zaintza lanen presentzia eskasa espazio publikoan, herriko zenbait lekutan topa daitezkeen puntu beltz eta arriskutsuak" irizten dio Sopelako Gobernuak.
Horren aurrean, eguneroko bizitzaren ikuspuntutik eraikitako herria pausuz pausu sortzea da “Gure Sope!”-ren asmoa, Sopelako herria bizi eta erabiltzen duten pertsonen ahotik abiatuta eta eraldaketa bermatuko duten neurri zehatzak bultzatuz.
Baliabideak
Esan bezala, prozesu horretan "behar-beharrezkoa" izango da herritarrek euren iritzia ematea. Horretarako, Udalak 32 galdera dituen inkesta bat eratu du, eta hainbat lekutan bete ahalko da: udaletxean, Kurtzio kultur etxean, liburutegian, pilotalekuan eta kiroldegian. Era berean, honako estekan ere betetzeko aukera egongo da, Maiatzaren Lehena baino lehen. Bost minututan betetzen ei da.