Hekimen Herri Ekimeneko Euskal Hedabideen Elkarteak eta horren bazkideak diren eskualdeko
"UK" aldizkariak eta Ukberri.net agerkari digitalak elkartasuna agertu diote Lander Arbelaitz "
Argia" aldizkariko kazetariari, Aske Gunea hustutzeko operazioaren barruan jasotako tratua dela eta. Gogoratu dutenez, Hekimeneko kide sortzaileetako bat da "Argia" aldizkaria, eta Hekimenen helburuetako bat da euskal hedabideen presentzia eta eragina handitzea gizartean. Horretarako, ezinbestekoa da gero eta informazio kalitatezkoagoa eskaintzea. Hiru komunikazio eragileen ustez, Lander Arbelaitz "informazio zuzena emateko ahalegin betean ari zen Ertzaintzak, eskuan zeukan akreditazioa kontuan hartu gabe,
lurrera bota, astindua eman eta bertatik atera zuenean". Hekimenek eta Uribe Kostako bi komunikabide euskaldunek, gainera, "guztiz ezegokitzat" jo dute "Ertzaintzako buruek hartu zuten erabakia kazetariak gune itxi eta bereizi batean zedarritzeko. Kazetarien oinarrizko eskubideetako bat da informazioa ahal bezain hurbilen eta, batez ere, nahi duten ikuspuntutik eman ahal izatea. Hori da kazetaritza. Hori da gure lana", azaldu dutenez. Argazkian, Arbelaitz Ertzaintzari akreditazioa erakusten / cc-by-sa Argia.com.