Datorren greba orokorrean "istripu” edo "akats” saiakerarik egiteko asmorik al duzue? Gure pikete kide bat bere burua hil nahian dabil azken aldian, baina ez da ekintza-pertsona, ez dago nahikoa desesperatuta edo koldarregia da; gaixoari, zuoi ez bezala, oso kostatzen zaio erabakiak hartzea. Hortaz, Nafarrate eta Cabacas auziak zein ederki kudeatu dituzuen ikusirik, zuok bere "istripua" antolatzen laguntzea nahi luke: bigarren gazteari pilotakada bota eta burua leherrarazi zion agentea M-30ean gure pikete informatiboa jazartzera bidaliko al duzue, mesedez? Agentearen "akatsa" errazteko, ilea larru-arras moztu eta lokietan zein garondoan X handi bana marraztuko du lagunak, eta "istripu”aren ardura osoa berari egotziko dion deklarazio sinatua eramango du poltsikoan. Bere hilarrian zizelkaturik nahi lituzkeen hitzak ere aurkituko dituzue bertan: "Hizkuntza politikoa gezurrek egiazkoak eta erailketek errespetagarriak eman dezaten diseinatuta dago" (G. Orwell). Argazkian, grebetan ez ezik bestelakoetan ere herrikideei oldartu zaie Ertzaintza, 2011ko apirilaren 4an Sopelan Gabi Basañez eta Ion Etxegarai preso kaleratu berriei egindako harreran, adibidez / © Sopela.net.