"Hitzen Artean" Axun Aierberi eskainitako liburua aurkeztuko du bihar Xabi Payak

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 25a, 20:15

Xabi Paya itzultzaile, bertsolari eta Axun Aierberen ikasle ohiak EHUko irakasle zendu horri eskainitako "Hitzen artean’ omenaldi liburua aurkeztuko du bihar Gasteizen. Berarekin batera, hainbat lagun izango dira Aierberi buruzko lana jendaurrean aurkezten: saiakera idazten lankide izan dituen Elizabete Manterola eta Naroa Zubillaga; liburua editatu duten Nerea Madariaga eta Fernando Garcia Murga; Xabier Etxaniz EHUko Euskararen arloko errektoreordea, Iñaki Bazan Letren Fakultateko dekanoa eta Gidor Bilbao EHUko lehengo euskarako errektoreordea, besteak beste. Ekitaldia eguerdian egingo dute EHUren Letren Fakultateko gradu aretoan. Axun Aierbe Mendizabal gipuzkoarra 2008ko apirilaren 15ean hil zen, Donostian, 40 urte betetzear zituela. Hizkuntzalaria, EHUko irakaslea, itzultzailea eta euskalgintzako eragile ezaguna izan zen. Urteetan Galtzaundi Elkarte euskara taldeko presidentea izan zen. Itzulpengintzako Felix Ugarte Itzulpen lehiaketa hiru aldiz irabazi zuen. Argazkian, Aierbe / cc-by-sa Sustatu.com.

"Hitzen artean" Axun Aierbe gogoan

Euskal itzulpengintzaren irakaskuntza, ikerkuntza eta praktikan jardun zuen Axun Aierbek. Hiru arlo horietan Axun Aierbek jokatu zuen paper garrantzitsua azpimarratzen da omenaldi honetako ikerketa-lanetan. Azken hogeita hamar urteotan, euskal itzulpengintzak, euskararen garapenaren eskutik, itzulpen-baliabide eta modalitateen bilakaera sakona izan du, liburu honek erakusten duenez. Alde batetik, euskal itzulpengintzako arlo desberdinei buruzko lanak eskaintzen dira hemen: bikoizketa, antzerkia eta haur eta gazte literaturaren euskaratzearen azterketa. Corpuseko itzulpengintzaren azterketa deskribatzaileak ere ordezkatuta daude liburu honetan: analisi hauek euskarazko itzulpenen ezaugarriak nabarmentzen dituzte, esate baterako, itzultzaileen "euskal sena" edota estandarizazioa. Metodologia bera erabiliz, itzulpen-kritikagintza ere aztertzen da artikulu batzuetan. Azkenik, euskal itzulpengintzan eta, oro har, euskalgintzan hain garrantzizkoa den terminologiaren gaia ere jorratzen dute liburu honetako zenbait lanek.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun