Nazioarteko Dantza Eguna ospatuko dute Leioan bihartik aurrera

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 25a, 23:40

Bihartik eta maiatzaren 5era arte, dantza protagonista izango da Leioan, Dantzaren Nazioarteko Eguna astelehenean izango dela baliatuta. Diziplina eta eszenatoki ezberdinak izango dira herrian, publiko guztientzat pentsatuta dagoen egitaraua dela bide. Bihar, ostirala, 20:30etik aurrera Andaluziako Rocio Molina konpainiak erritmo flamenkoa jarriko dio Kultur Leioako entzunaretoari, “Danzaora” ikuskizunaz. Etzidamu, igandea, Dantzaz nazioarteko konpainia donostiarra “Naufragoak” ikuskizuna aurkeztuko du, dantza neoklasikoaren erritmoekin. Ekimena goizeko 11:30ean hasiko da paseo gidatu batekin, Kultur Leioatik abiatuta Pinosolon amaitzeko, 13:00ak aldera. Jarduera horretan parte hartzeko ezinbestekoa da telefono honen bidez izena ematea: 946 072 578. Igande arratsaldez, “Krego y Martín Danza” taldearen dantza familiarra “Spaceko zarama” ikuskizunarekin etorriko da, arratsaldeko 6etan, Auditoriumean. Argazkian, "Naufragoak" ikuskizuna / © Gorka Bravo eta Jose Usoz - Dantzaz.

Astelehenean, hilak 29, Dantzaren Nazioarteko Eguna, koreografia desberdinak izango dira Kultur Leioan eta Errekalde plazan. 18:30ean, liburutegian, Ruemaniak talde bilbotarrak "La saga de los sucesos III” pieza laburra dantzatuko du. 19:30ean, Errekalde plazan eta Kultur Leioako harreran, Ruemaniak-en "site specific" eta bere “Northstar Canada 240” izango dira. 20:00etan amaituko da dantza errepertorio, Errekalde plazan, Andoni Aresti Dantza Eskola leioaztarraren flamenko departamentuko flashmob-arekin.

Beste alde batetik, eta maiatzaren 5era arte, Kultur Leioako erakusketa aretoan "gorputza_espazioa_mugimendua” erakusketa izango da, Beatriz Churrucaren argazkiak zein Iker Gomezen bideodantzekin.

"Naufragoak" dantza ikuskizuna aire zabalean

"Naufragoak gara bizi garen gure lur honetan bertan, iraunkor, olatuen artean aldakor den guztiaren erdian, bidaia honetan, geure kulturan bertan baita mugetan ere, itsasoa hormatzat eta lurralde guztien batasuntzat hartuta", Dantzaz konpaniak bere lana azaltzen duenez.

"Gure etxea eta mundua, etenik ez duen gatazka eta betiereko harremana. Borroka eta krisi baten metafora, orainaldi aztoratu batena eta eraikitzeko dagoen etorkizunarena" islatu nahi dute, dantzaz.

"Naufragoak" produkzio eszenikoarekin harremanetan jartzeko modu berri bat bilatu dute dantzariek, eta esan beharra aldatzen doala espazio eta leku bakoitzera moldatzeko, emanaldia egiten duten guneetan integratu eta, gune horiek unean une beraienak izateko ez ezik, "Naufragoak" lana ikustera doan jendea haiengana hurbiltzeko ere baliatzen dituzte.

Joseba Sarrionandiaren testuetatik eta, besteak beste, Mikel Laboak eta Jabier Muguruzak, baita Ken Zazpi eta Kortatu taldeek ere sortu izan duten musikatik abiatuta, Josu Mujikak bizitasun handiko koreografia sortu du, oso grafikoa, "hain gertu sentitzen ditugun naufrago hauen unibertsoari irudia, kolorea eta dramatismoa emanez".

"Naufragoak" Lekeitioko kale antzerki jaialdian karrikaratu zuteneko bideoa (© Dantzaz)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun