Mintegiren aurkako auzia artxibatuko dute

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 26a, 11:39

Fernando Buesaren hilketari buruz Eusko Legebiltzarrean egindako adierazpenak direla-eta Laura Mintegi EH Bilduko bozeramaile algortarrari zabaldutako eginbideak artxibatuko ditu Fiskaltzak, Juan Kalparsoro Euskal Autonomia Erkidegoko fiskal nagusiak atzo iragarri zuenez. Erne Ertzaintzako sindikatuak antolatutako jardunaldietan azaldu zuenez, Mintegiren adierazpenek "ez zuten muga gainditu terrorismoa goratzea leporatzeko, Legebiltzarreko eztabaidaren parte izan ziren". Bere ustez, "biktimarekiko adierazpen oso sentiberak izan ez direla eztabaidatu daiteke, baina terrorismoa justifikatzeko delitu gisa hartzeko nahikoa ez da. Hala ere, erantzukizun parlamentarioa izan dezake, baina hori Legebiltzarreko presidenteak erabaki beharko du", azaldu du fiskalak. Oraindik auziaren artxibatzea amaitu behar du Kalparsorok, baina hurrengo astean itxita izatea espero du. Argazkian, Laura Mintegi Algortako Getxo I institutuan bozkatzen, 2012ko urriaren 21eko Eusko Legebiltzarreko hauteskunde egunean.

Kalparsorok ikerketa abiatu zuen joan den martxoaren 21ean Mintegiren aurka, aurreko astean Eusko Legebiltzarrean egindako saioan terrorismoa goratu ote zuen argitzeko. Saio horretan, Fernando Buesa sozialistaren hilketak "jatorri politikoa" zuela eta "elkarrizketaren bidez saihestea posible" zela esan zuen koalizio abertzalearen bozeramaileak.

Handik aste batzuetara, Kalparsorok aitortu zuen litekeena zela auzia bertan behera uztea. "Oso zaila da aurrera ateratzea, legebiltzarkidea da eta Estatutuaren arabera pribilegioa du; hori oztopo garrantzitsua da" azaldu zuen orduan fiskal nagusiak.

Fernando Buesaren omenaldian ''lasai asko'' egon izana leporatu zion Arantza Quiroga PPko legebiltzarkideak Laura Mintegiri, eta EH Bilduko ordezkariak kritika horri erantzun zion. "Egon badago zirkinik egin gabe uzten ez nauen gauzarik. Ezin da esan lasai asko egon nintzela biktima baten omenaldian, biktima guztiek arrazoi politiko batengatik hil direlako, ez istripu batean, bihotzeko batek jota, minbiziak jota edo zorigaizto baten ondorioz'', esan zuen Mintegik.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun