Beste lau auzipetuei espetxe-zigorrak ezarri dizkie auzitegiak, nahiz eta Capbretongo gertakarietan zuzenean inputaturik ez egon. Garikoitz Aspiazu Rubina "Txeroki"-ri 9 urte jarri dizkiote, Ibon Goieaskoetxea Arronategiri zazpi, bost urte Eider Uruburu Zabaletari eta beste bost Iratxe Sorzabal Diazi. Uruburu sei urteko beste zigor bat betetzen ari da eta Sorzabal ihes eginda dago. Pasa den apirilaren 2an abiatu zen epaiketa.
Magistratuek erabakia hartzeko bildu aurretik, Goieaskoetxeak akusatuen izenean agiri bat irakurri zuen atzo. Alde batetik, Guardia Zibilak torturarekin duen harreman estua gogoratu eta Parisko Auztegiak epaitzeko legitimitaterik ez duela esan zuten. Bestalde, 2011ko urrian ETAk "aro berri bati" hasiera eman ziola gogoratu zuten, besteak beste, "Capbretongo gertakari lazgarririk berriz ez errepikatzeko".
Saioa Sanchez Iturregi 2007ko abenduren 5ean atxilotu zuten Chateauneuf de Randon herrian (Lozere, Frantzia), Asier Bengoa gasteiztarrarekin batera, ETAko kideak zirelakoan.