Abian da San Nikolas ikastolako 50. urteurreneko arratsalde musikala

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 26a, 20:54

Bihar, larunbata, izango dute egun handia San Nikolas ikastolako sendia osatzen duten milaka irakasle, ikasle, guraso eta laguntzailek, egungoek zein izandakoek. Algortako lehenengo Euskal Jaia izena jarri diote mende erdiko urtemuga jaialdiari, 1963tik hona jasotako eskarmentuak eta lanean zein gozatuz erakutsitako adoreak sorturiko harrotasunez. Halere biharkoari itxaron barik, dagoeneko ikastolako giro gozoan murgiltzeko aukera dago, oraintxe gutxi hasi den arratsalde musikala dela medio. Telletxe plazan, makina bat ikasle ohi eta makina bat lagun badira txosna inguruan, euriaz karpapean babestuta, jan-edanekoak zein ikus-entzutekoak gozatzeko. Bertan, ezustekoak alde batera utzita, Biotz Alai abesbatza, ALBEko bertsolariak eta Andres Isasiko musika eskolako bandakoak arituko dira arratsalde eta gau gogoangarriak jartzeko. Baina, kontuz! Gaur Tour baten hasierako erlojupekoa baino ez da bihar ekimenez beteta etorriko baita Algortako I. Euskal Jaia. Argazkian, San Nikolas ikastolako kideek nonahi izan dira urte honetan, tartean Unai Basurkorekin Antartikatik bueltatu zenean / © Valentin Basañez - Pakea Bizkaia.

Algortako I. Euskal Jai gozo eta luzearen egitaraua, Telletxe plazaren inguruan

• 9:30ean, diana.
• 11:00etan, Agurra, Itxartu eta Itxas Argia dantza taldeen eta Areatxu eta Txopolis fanfarreen emanaldia.
• Ondoren fanfarrek eta trikitixek Algortako kaleak alaituko dituzte.
• 11:00etatik aurrera, baserriko produktuen erakusketa Tellagorrin
• 12:00etan, umeentzako herri kirolak Biotz Alai plazan.
• 15:00etan, bertso bazkaria Zabalan ALBEko bertsolariekin.
• 17:30ean, Oxabiren eskutik herri animazioa Algortako tabernaz-taberna.
• 18:00etan, Iñaki Perurena harri-jasotzailearen erakustaldia Telletxe plazan.
• 19:00etan, Utopia taldearen "Norgaragu" kalejira-antzerkia.
• 21:00etatik 22:30era, erromeria Erdizka Lauetan taldearekin.
• 23:00etatik aurrera, Beñat Gantxegi DJarekin dantza.

Oharra: Ikastolak baserritar eta arrantzaleen jantziak ipintzera animatzen du eta jardueren antolakuntzan izandako laguntza guztia eskertu egiten du.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun