Iñaki Gonzalo presoaren askatasuna aldarrikatu dute itzubaltzetarrek

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 28a, 22:38

Itzubaltzeta / Romoko auzokideek eta hainbat eragilek Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" herriko preso politikoa datorren maiatzaren 4an aske uztea, "dagokion data", exijitu dute, atzo egindako prentsaurrekoan. 1.300 auzotarrek baino gehiagok berretsi dute Gonzalori ezarritako 197/2006 doktrinari dioten errefusa, “Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duela” salatuta. Era berean, Getxoko Udalbatzari eskatu zioten itzubaltzetarra eta doktrinaren pean diren beste preso guztiak dagozkien irteera datetan askatzeko galdegin dezan. Eskaera horrekin bat egin dute honako eragileek: Getxoko Bildu koalizioa, Sortu, ELA eta LAB sindikatuak, Uribe Kostako M-15 mugimendua, Itsasoruntz, LZPren aurkako Uribe Kostako asanblada, Itzubaltzetako Gazte Asanblada, Ernai, Itzubaltzetako Emakumeen Asanblada, Erromo Duin, Erromo eta Pinuetako jai batzordea, herriko koadrilak, HNT,Erromotarrak futbol taldea eta Itzubaltzetako Herrira. Etzi, asteartearekin, eztabaidatuko da horren inguruko mozioa, EH Bilduk aurkeztuta. Argazkian, atzoko agerraldian 100 bat lagunek hartu zuten parte.

Bestalde, hurrengo egun eta asteotarako ere Gonzaloren eskubideen aldeko ekimenak burutuko dituzte. Besteak beste, maiatzaren 4an, "Kitxu gure artean egon behar zen egunean", Valladolideko espetxera egingo dute martxa. Hilabete horretako 17tik 19ra, berriz, 197/2006 doktrinaren kontrako kanpaldia egongo da eta, aipatu azken egun horretan, Uribe Kosta mailako manifestazioa Itzubaltzetan.

Iñaki Gonzalo Casal "Kitxu" Getxo eta Egin irratietako kazetari izandakoa, 1994ko urriaren 25ean atxilotu zuten Areetako Bizkaiko Zubiko plazan, Andoni Muñoz urduliztarra, eta Algortako Iñigo Otazua "Oti" zein orain aste batzuk zendutako Angel Figueroa algortarrarekin batera. Lanbroa komandoko kideak izatea leporatu zieten lauei, 30 urteko zigorra ezarriz. Egun Valladolideko espetxean, 18 urte eta sei hilabete daramatza preso. Irteera data 2013ko maiatzaren 4rako bazuen ere, berriki luzatu diote zigorra, data berria eman gabe.

1.300 auzokidek eta hainbat elkartek sinatutako manifestua

197/2006 doktrinari ez. Kitxu aske!

Espetxean 25 urte egin dituen Ines del Rio preso politiko tafallarrak 2008an bete zuen bere zigorra, baina aske geratu baino lehenago, 9 urtez luzatu zioten. Auzia, Estrasburgoko auzitegira iritsi eta 2012ko uztailaren 12an honek erabaki zuen presoak aske behar zuela egon, espetxealdia luzatzeko oinarritzat hartutako 197/2006 doktrinak, Europako Giza Eskubideen Konbentzioa urratzen duelakoan.

Salbuespeneko neurria aplikatu zaien 73 presoetatik, 18 urte baino gehiago espetxean eman dituen eta Itzubaltzeta / Romoko bizilaguna den Iñaki Gonzalo Casal “Kitxu” dugu. 2013ko Maiatzaren 4ean zeukan aske geratzeko data baina doktrina aplikatu diotenez, beste 11 urtez luzatu nahi diote.

Euskal preso politikoen kontrako salbuespen neurri guztiak bertan behera uztea nahi dugu, euren funtsezko eskubideak urratzen baitira. Horregatik, apirilaren 30ean burutuko den mozioan Getxoko Udaletxeko udalbatzari, 197/2006 doktrina eteteko eta “Kitxu” eta neurria aplikatutako beste presoak aske uzteko exijitu dezala eskatzen dugu.

"Kitxu"-ren egoera gaur egun (Itzubaltzetako Herrirak pasa den otsailaren 28an egindako hitzaldiaren laburpena, hitzez hitz)

Espetxean 18 urte, lau hilabete eta pare bat aste eman ostean eta espetxe etekinen bidez (ikasketak gehien bat) beste 11 urte, bost hilabete eta hiru aste deskontatu ostean, "Kitxu"-ri 197/2006 doktrina ezarri diote. Horrek esan nahi du kalkulu berria egingo diotela, non espetxe etekinak bere epaiketan aukeratu zuen Kode Penalaren araberako 30 urteko gehienezko zigorretik deskontatu beharrean, bere garaian jarri zioten zigor osotik (67 urte) deskontatuko dizkioten. Gauzak horrela, espetxe etekinak kendu izan baliote bezala dago. Kartzela Zuzendaritzak esan dio ez dela datorren maiatzaren 4an irtengo. Halere, oraindik ez diote notifikatu espetxetik irteteko data berria.

Eta "Kitxu"-k ezin du ezer egin?

Bai, "Kitxu"-ren abokatuak errekurtsoa jarri du, alde batetik Europako Giza Eskubideen Auzitegiak esandakoak bilduz, doktrinak giza eskubideak urratzen dituela, besteak beste atzeraegin eza printzipioa apurtzen duelako edota preso bati zigor-araudia aldatuz gero, beti presoaren aldekoa aukeratu behar delako. Beste aldetik, "Kitxu"ren kasuan eta beste presoen kasuetan gertatutako kasuistika konkretuak daude.

Zeintzuk dira kasuistika zehatz horiek?

Epaitu zutenean, "Kitxu"ren defentsak 30 urteko gehienezko zigorra ezartzen zuen Kode Penal Zaharraren hautua egin zuen eta ez 25 urteko zigor txikiagoa ekarriko zukeen Kode Penal Berria. Hori ez zen akatsa izan, bere garaian egindako hautu logikoa baizik. Kode penal berrian espetxe etekinak desagertzen ziren eta, beraz, beteko zuen espetxe aldia 25 urtekoa izango zen. Kode penal zaharrez, 30 urte ezarri arren, hortik hainbat deskontu egin zitezkeen saria zuten ikasketen eta beste ekimenen bidez, orduan kalkulua 30etik egiten zelako eta ez orain proposatzen den zigor osotik. Gauzak horrela, gerora etekinak kentzen joan badira ere, lehenengo urteetan lortutakoekin "Kitxu"ren espetxealdia 18 urte, sei hilabete eta aste batekoa izan behar zen, gutxi gora behera. Orduko fiskalak ere onartu zion kode penal zaharra aukeratzea hobea zela berarentzat.

Eta hori garrantzitsua da?

Kasu batzuetan, horrelako aipamenak sententzian egotea nahikoa izan da 197/2006 doktrina ez aplikatzeko. Alde hori ere jorratu du abokatuak.

Eta hortik zer atera dezake?

Lau aukera daude:

- Lehenengoa da Estrasburgon Ines del Rio auzian Espainiako helegitea atzera bota eta 197/2006 doktrinak giza eskubideak urratzen dituela berrestea. Ines del Rio askarazteaz gain, Europako Giza Eskubideen Auzitegiak kolokan jarriko luke beste presoei ezarri izana, tartean "Kitxu"-ri. Espainiak luzatu lezake kontua preso bakoitzak helegitea jarri arte, eta ezin da baztertu, baina ez du ematen juridikoki eta irudi aldetik hori mantentzeko gauza izango direnik.

- Bigarren aldetik, eta Estrasburgon auzia luzatzen delako edo "Kitxu"ren helegitea oso azkar aztertzen dutelako, baliteke Iñakiren abokatuari arrazoia eman eta maiatzaren 4an atera behar zela finkatzea eta aske uztea. Halere, hori hemendik hainbat hilabetetara gerta daiteke.

- Hirugarren aukera izango litzateke helegitea partzialki estimatzea. Hau da, 197/2006 doktrina ezbaian jarri gabe, bere garaian "Kitxu"-k egindako hautuan espetxe etekinen birkalkuluak eragin duela eta egun kode penal berria berarentzat hobea litzatekeela onartzea. Kasu horretan, 25 urteko zigorra osorik bete behar izango luke, Estrasburgon zer gertatzen denaren zain. Hortaz, irteera data 2019ko urriaren 25 aldera jarriko liokete. Argi eta garbi ez dugu onartuko.

- Azkena eta okerrena, espetxean 30 urte eman beharko dituela berrestea litzateke. Kasu horretan, 2024ko urriaren 25 aldera irtengo litzateke espetxetik, 60 urterekin, bizitza erdia barruan emana, eta aita eta ama joan zaizkiola. Inondik inora ez gaude prest hori gertatzen uzteko.

Eta guk zer egin dezakegu?

Datozen egunotan, "Kitxu" eta beste preso eta iheslari politikoen aldeko ekimenak zein horiek hobeto bideratzeko Herrirak antolatutako bilerak gogoratu eta tresna gisa eskaini nahi dizkizuegu. Estuki lotuta daude 197/2006 doktrina bertan behera uzteko beharrarekin.

Agerraldia iruditan

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun