Sopelako Barinatxe hondartzan lehorreratutako bost metrotako Cuvier bale-mokoaren gorpua jaso eta eraman du garabia batek, Europa Press albiste agentziak zabaldu duenez. Bitartean, Ambar Itsas Faunaren Ikerketa eta Babeserako Elkarteak animaliaren gorputz laginak eskatu ditu, heriotzak zer eragin dion jakiteko. Bale-mokoa larunbatean agertu zen lehenengo aldiz, dagoeneko hilda, arratsaldeko 20:40ak aldera, Getxoko Azkorri hondartzan, Ambar elkarteak azaldu duenez. SOS Deiak zerbitzuko lankideek eman zien horren berri. "Argi gutxi genuenez eta nahiko berandu zenez, hurrengo goizerako utzi genuen", kontatu dute. Goizean, Ambarreko kideak joan ziren bertara egoera baloratzera eta animalia flotatzen aurkitu zuten, hondartzatik 200 bat metrora. Itsasoaren zakartasunaren ondorioz, goizean zehar gorputza mugitzen joan zen eta korronteen eraginez, azkenean Sopelako Barinatxe hondartzan lehorreratu zen. Egun osoan zehar, taldeko boluntarioak inguratu ziren, gorputzaren kokapena aldatzen zen edo ez ikustera. Behin lehorrean, Sopelako Udalak hartu animaliaren gorpua erretiratzeko ardura. Argazkian, bale-mokoa / © Ambar.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!