Abiatu dituzte lanak metroko pasabide batean, Sopelan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko api. 29a, 20:21

Gaur goizean hasi dira Bizkaiko Garraio Partzuergoak Sopelako Enrike Urrutikoetxea kalea zeharkatzen duen zubian egin beharreko herri-lanak. Lanen xedea inguruko hormigoizko egitura hobetu eta iragazgaiztea da. Horren eraginez, maiztasun aldaketak izango dira metroko zerbitzuan eta ibilgailuen joan-etorria tartekatuko da Enrike Urrutikoetxea kaleko errepidean. Herri-lanen amaiera data finkatua dagoen arren, eguraldiaren araberakoa ere izan daiteke, metroko arduradunek zehaztu dutenaren arabera. Gauzak horrela, Bizkaiko Garraio Partzuergoak burutuko dituen lanek metroko maiztasunak aldatuko ditu, gaurtik maiatzaren 24ra arte. Lanak fase bitan egingo dira: lehenengoa, gaurtik apirilaren 29tik maiatzaren 10era arte. Bigarrena, berriz, maiatzaren 13tik maiatzaren 24ra arte. Metro Bilbaok lanek sor ditzaketen eragozpenak barkatzeko eskatu die bezeroei. Argazkian, eragindako pasagunea lanak hasi aurretik / © Sopelako Udala.

Metroko arduradunek nabarmendu duten legez, maiztasunak ezberdinak izango dira egunaren arabera, eta beraz, ordutegi berriak zeintzuk diren ikusteko, Metrobilbao.net webguneko Hurrengo Trenak atalera jotzea gomendatu dute. Era berean, Metro Bilbaoko bezeroen arretarako telefonoa etengabe arituko da ohiko ordutegiarekin: 944 254 025, goizeko 8:30etik 19:30era astelehenetik ostiralera, eta goizeko 8:30etik 15:30era larunbatetan. Informazioa eskatzeko helbide elektroniko hau ere badago: info@metrobilbao.net. Geltokietako langile guztiak ere bezeroen galderak erantzuteko prest daude.

Lanak gauez

Maiztasunei ahalik eta kalte gutxien sortzeko asmoz, gauetan ere herri-lanak egingo dituzte gaur eta maiatzaren 1, 6, 7, 8, 12, 14, 20, 21 eta 22an. Azkenik, Enrike Urrutikoetxea kaleko errepidean bide bat itxita egongo da bertan herri-lanak egiten diren bitartean, eta semaforo baten bidez, noranzko bietako ibilgailuen joan-etorria tartekatuko da.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun