Izenik Ez Itzubaltzeta / Romoko musika talde beteranoak aurten beteko ditu 20 urte. Laukoteak ez du maiz oholtzak zapaltzen eta laster 24 hilabete izango dira bere azken kontzertu iragarriaz. Hortaz, zaleek ezin izango dute galdu bihar, asteartea, Bilboko Abusu auzoan itzubaltzetarrek emango duten emanaldia, "Komando Segalari" edo "Geureari Eutsi!" bezalako klasikoak batera abesteko. Ekimena Abusu Martxan eskubide sozialen aldeko mugimenduak antolatu du auzoko Santa Isabel frontoian, arratsaldeko 6etatik aurrera, nahiz eta itzubaltzetarrak 20:00ak aldera agertuko diren. Bertan, Izenik Ezekin batera, honako talde bilbotarrek joko dute: Sembrando Kaos, Enkore, FDLN (Fenomenos De La Naturaleza) eta All Nighters Club. Kontzertua doakoa izango da eta Abusu Martxanek etxegabetzeak, lan suntsiketa, murrizketak eta oro har jendartea pobreziara kondenatzen duten neurriak salatzeko antolatutako jardunaldietan kokatzen da. Argazkian, Izenik Ez Itzubaltzeta gaztetxean 2009an emandako kontzertua, 15+1 urteurren jaialdian.