Langileen eskubideak Erandion aldarrikatuko ditu LABek

Etzi, Maiatzaren Lehena, Langileen Nazioarteko Eguna, langileen eskubideak eta datorren maiatzaren 30eko euskal gehiengo sindikalak deitutako Greba Orokorrerako arrazoiak aldarrikatuko ditu LAB sindikatuak. Uribe Kosta eta Erandioko langabe, jubilatu, ikasle eta langileak Erandioko Lutxana auzoko plazara deitu ditu, eguerdian udaletxeraino egingo duten "Borrokatu, matxinatu eta irauli Euskal Herria" lelopeko martxan parte hartzeko. Manifestazioaren ostean, ekitaldia egingo dute Irailak 23 plazan. Arratsaldeko 15:00etan, berriz, herri bazkaria izango da Altzagako merkatu zaharrean. Menua honakoa iragarri dute: Txorizoa eta urdaiazpikoa, entsalada mistoa, oilasko eta marisko paella, etxean egindako flana, kafea eta kopa. Mahaian jesartzeko, baina, aurretik txartela eskatu beharko da, 944 670 156 telefonoan edo erandio[abildua]labsindikatua.org posta elektronikoan. Gaur da azken eguna, berez. Argazkian, iaz 540 bat lagunek hartu zuten parte Astrabudua eta Erandio bitarteko martxan.

Maiatzaren Lehenerako LABek ateratako irakurketa

Herritarrok pobretzeko –soldatak, babes soziala, zerbitzu publikoak– eta geure burua defendatzeko tresna barik uzteko –erreformen bitartez– estrategia oso bat dauka martxan kapitalak. Honen aurrean, gure herri eta eskualdeetan indarrak batzeak itzelezko garrantzia dauka.

• Euskal Herri osoa emergentzia egoeran dago. Horrela sinestarazi nahi diguten arren, emergentzia egoera hau ez da krisiaren emaitza, baizik eta krisiaren aitzakiaz aplikatzen ari diren politiken ondorio zuzena.

• Erasoak etengabean datoz. Madrildik plan oso bat ezartzen ari dira, kapitalismorik basatiena ezartzeko. Plan hau langile klasea pobretzean eta bere burua defendatzeko bitartekorik gabe uztean oinarritzen da. Horretarako legeak, dekretuak eta abarrak bata bestearen segidan datoz ostiral-ostiralero. Iruñea eta Gasteizko gobernuek zuzenean ezartzen dute handik agindutako guztia eta, horretaz gain, bide berdinetik datozen neurriak ere aplikatzen dituzten euren eremuan.

• Politika horiek aldatzera behartu behar ditugu. Horixe da modu bakarra herri moduan eta herritar moduan etorkizun duina izan dezagun eta sartu nahi gaituzten zulo beltzetik irten gaitezen. Ez dugu partxerik nahi. Ez dugu erdibiderik nahi. Benetako aldaketa politiko eta sozial sakona nahi eta behar dugu. Eta horixe borrokatzera goaz!

• Euskal Herriak bere bidea erabaki behar du. Euskal langileok eta herritarrok erabaki behar dugu zertan oinarritu behar den bide hori. Horixe da modu bakarra erabakiak gutxi batzuen artean gutxi batzuentzako hartu ez daitezen. Benetako aldaketa langilerik bultzatuko du edo ez da benetakoa izango. Aldaketa espainiar hondamendiaren eta inposaketaren kateetatik askatzeko. Aldaketa gure eskubideak errespetarazi eta jendarte justua lortzeko.

• Euskal Herria irauli behar dugu. Horretarako indarrak bildu, mobilizatu, altxatu, matxinatu eta gure eskualdeen etorkizuna defendatuko dugu, euskal langileriaren oraina eta etorkizuna defendatzeko.

Maiatzaren Lehenerako LABek kaleratutako bideoa



Maiatzaren Lehenerako kartela

M1mobilizazioak
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun