Biharko Maiatzaren Lehenerako, Langileen Nazioarteko Egunerako, bost deialdi jarri dute mahai gainean sindikatu nagusiek. Gertuenetik hasita, eguerdian Erandioko Lutxana auzorako deia egin du LABek, handik Erandioko udaletxera martxan joan eta bertan ekitaldia egiteko, "Borrokatu, matxinatu, irauli Euskal Herria" lelopean. Ondoren, 15:00ak aldera herri bazkaria izango dute. Ekimen horretaz gain, beste 23 eskualde ekitaldi antolatuko dituzte. Sindikatu abertzaleak nor bere aldetik joango dira bihar eta ELAri dagokionez, Bilboko Jesusen Bihotzetik abiatuko du nazio manifestazioa "Eskubide sozialen alde" lelopean. Aurretik, Adolfo "Txiki" Muñoz ELAko idazkari nagusiak aurrekontu eta zerga politika "bidegabeak", "bankuen mesederako pentsioen erreformak", eta soldaten jaitsierak salatuko ditu mitin batez. CCOO eta UGT, berriz, batera egingo dute EAE mailako manifestazioa Bilbon, eguerdian Jesusen Bihotzetik, "Ez dute mugarik. Zure eskubideak defendatu" leloa ardatz hartuta. Sindikatu autonomoak, ordez, banatuta joango dira Bilbon. Argazkian, 2011ko Maiatzaren Lehenean euskal gehiengo sindikalak (ELA, LAB, EILAS, EHNE eta Hiru) ekitaldi eta manifestazio bateratua egin zituen Bilbon / cc-by-sa LAB sindikatua.
HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakurleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.
Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!