Apirilaren 28an Lan Osasunaren Nazioarteko Eguna izan zen, eta hamabost dira jada aurten prekarietateak eraildako langileak Euskal Herrian. Baina ez dira soilik eraildakoak; asko dira lan baldintzak kaxkarren ondorioz kaltetutako langileak. Eta ez dirudi egoerak hobera egingo duenik. Gaur egun, krisia aitzakia hartuta, langileok behin eta berriro murrizketak sufritzen ditugu, eta hori osasun laboralean ere islatzen da. Izan ere, lan karga handitzeaz gain, segurtasun laboralean gero eta gutxiago inbertitzen da. Horren adibidea da Osalanen kasua. Egoera honetan, lanpostuan istripu bat sufritzeko arriskua biderkatzen da. Eta gazteok badakigu nortzuk diren erantzuleak! Izan ere, PSOEk abiaturiko bidea jarraituz PPk ezarritako lan erreformak gizartearen ta bereziki gazteriaren egoera okertu du. Baina guk ez genuke egoera hau sufritu beharko PNVk nahi ez balu. PNVk ere politika berdinak aurrera eramaten ditu. Gauzak horrela, epe laburreko kontratuak, praktika kontratu luzapenak, soldaten murrizketak, lan kargak handitzea eta EREak, besteak beste, dira horren ondorioak. Argazkian, herriko hainbat tokietan horma-irudiak egin dituzte / © Algortako Ernai.