Era berean, egoera horretan mutualitateek duten papera salatu eta langileen osasunez negozioa egitea leporatu zieten. Leioan Bagabizen ustez lan-osasuna "eskubidea baino, oso garesti, batzuetan norberaren bizitzarekin, saltzen den elementua bilakatu" da. Lan istripuz heriotza gehiago izan ez dadin, "pertsonen bizitzak lan merkatuaren mesedetan jartzen dituen sistema kapitalista" gainditzera deitu zuten, tartean maiatzaren 11ko Uribe Kosta Martxan ekimenera zein maiatzaren 30eko greba orokorrera gonbitea eginez.
Azkenik, prebentzio eta osasun eredu propio baten beharra aldarrikatu zuten: "loturarik gabea, unibertsala, parte- hartzailea, publikoa, mutualitateekin loturarik izango ez duena, arreta integrala eta osoa eskainiko duena, non langileriaren osasuna, berez, eskubidea izango baiten, eta ekonomia-eragileek baldintzatuko ez dutena, baizik eta osasun-irizpideek soilik".