Ekainaren 1ean batuko dira eskualdeko mintzalagunak Euskal Herri osokoekin

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 2a, 21:50

Erandio, Leioa, Getxo eta Uribe Kostako berbalagun egitasmoen 360 bat mintzalagunek gorriz markatu beharko dute egutegian ekainaren 1eko data. Izan ere, larunbat horretan Euskal Herri osoko mintzalagunak batuko dira egun osoko festan, Elgoibarren. Bertako Izarra kultur elkarteak eta Euskaltzaleen Topaguneak antolatuta, bertan Mintza Egunaren zortzigarren edizioa ospatuko dute, euskaltegien, beste zenbait kultur eragileren eta Udalaren laguntzaz. Uribe Kostarrak adi ibili beharko dira, 400 bat mintzalagunentzako tokia besterik ez baita izango eta bazkarirako txartelak maiatzaren 24a baino lehen eskatu beharko dituztelako, nork bere herriko mintzapraktikako dinamizatzailearen bidez. Aurtengo Mintza Egunaren edizioa berezia izango da, aurten 20 urte beteko baitira lehen mintzalagun taldeak Donostian martxan jarri zirenetik. Egun, 5.500 bat dira Euskal Herri osoan kalakan ari diren berbalagunak. Gainera, Elgoibarko Izarrak taldeak ere urteurren borobila du aurten: 50 urte. Argazkian, Egizu Getxo Euskaldun! egitasmoko kide batzuk iaz Santurtzin egindako Mintza Egunean / cc-by Egizu.

Mintzalagun, berbalagun zein mintzakide guztien jaia da Mintza Eguna, eta egitasmoetan parte hartzen duten kideek elkar ezagutu eta egun pasa ederra egiteko antolatzen da. Urtero herri desberdin batean izaten da Mintza Eguna, baina mintzapraktika programak martxan dituzten eragile guztien arteko lankidetzari esker burutzen da. Egitasmo horiek euskara elkarteek, euskaltegiek eta euskalgintzako beste zenbait eragilek kudeatzen dituzte. Mintzapraktika mugimenduaren tamaina ezagutzera emateaz gain, ikasturteari bukaera goxoa eskaintzen dio jaiak. Elgoibarko txokoak eta historia hobeto ezagutzeko, eta mingainak dantzan jartzeko aukera ere izango dute bertaratzen direnek.

Urtemugak

Urtero bezala, bazkalostean sari banaketa izango da. Mintzapraktika egitasmoen bueltan lan berezia egin duten mintzalagun eta elkarteei omenaldi xumea da saria. Aurten, besteak beste, Elgoibarko Izarra kultur elkarteak eta Donostiako Bagera elkarteak jasoko dute saria. Izan ere, Elgoibarko elkarteak 50 urte bete ditu, herrian euskararen alde lanean. Aitzakia polita, zortzigarren Mintza Eguna bertan ospatzeko.

Bestalde, Donostiako Bagera Euskaltzaleen Elkartea izan zen mintzapraktika programak martxan jarri zituen lehena, eta 20 urte beteko dira aurten, hain zuzen ere, lehen taldeak abiatu zirenetik. Euskaltzaleen Topagunea osatzen duten elkarte eta mintzapraktika egitasmoetako dinamizatzaileek lanaren aitorpena egin nahi diete bi elkarteei, Mintza Egunean saria emanez. Gainontzekoan, mintzalagunei elkarrekin egoteko eta Elgoibar ezagutzeko aukera eskaini nahi die Mintza Egunak, eta horren araberako egitaraua osatu da:

11:00 Ongi etorria eta hamaiketakoa Maalako Plazan
12:00 Ibilaldi gidatua
13:30 Mintza Kalejira, dultzaineroekin
14:30 Bazkaria Maalako Plazan
16:30 Sari banaketa
17:00 Euskal Erromeria MP5 taldearekin

Bazkarirako txartelak

Maiatzaren 24ra arte eskuratu daitezke bazkarirako txartelak, 20 eurotan, herriko mintzapraktika dinamizatzaileen bidez. Bazkaria, kafea, kopa eta dantzaldia biltzen ditu txartelak. Barazkijale eta zeliakoek menu berezia izango dute, baina aldez aurretik egin behar dute eskaera.

Mintzapraktika egitasmoak

Mintzapraktika egitasmoek euskaraz aritzeko ohiturarik ez duten lagunak ohitura dutenekin batzen dituzte, erabileran eragiteko eta hizketarako konfiantza eta gune berriak eskaintzeko. Iaz, 47 talde osatu ziren eskualdean, 360 mintzalagunekin. Gaur egun 5.500 mintzalagun daude Euskal Herri osoan, eta urterik urte gora egiten du izen emateak. Bospasei lagunek osatutako talde txikiak dira, eta astean behin biltzen dira. Berbalagun, mintzakide edo solaslagun izena ere hartzen dute, besteak beste, eta Euskal Herri osoko 80 herri eta eskualdetan zabalduak daude. Azken urteetan, bereziki indartu dira hirigune handietako egitasmoak (Donostialdea, Gasteiz, Iruñerria eta Bilbo inguruko eskualdeak).

Euskaltzaleen Topagunea 1997an sortu zen, eta Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroako 96 Euskara Elkartek osatzen dute. Elkarteon zein mugimenduaren beraren helburua euskararen erabilera sustatzea da. Horretarako, hainbat esparru lantzen dituzte, hala nola haur eta gazteen aisialdia, kulturgintza, tokiko hedabideak, mintzapraktika, entitateak euskalduntzea eta sentiberatzea.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun