Asier Abio zuzendari mungiarraren "Bariku Light" film labur odoltsuak zinema eta film laburren festibaletatik Interneterako jauzia eman berri du. Patxi Lazkano, Aizkoa Olabarrieta eta Nadia Bolaños, hurrenez hurren Urduliz, Erandio eta Itzubaltzeta / Romoko aktoreak protagonista dituen filma pasa den larunbatean eskegi zuten osorik Youtube plataforman, aurretik Bilboko Zarata Jazz kafean proiektatu zutela. Ospakizuna borobiltzeko Abioren 38. urtemuga ere ospatu zuten. Erandioko Tartanga institutuko ikasle ohia da mungiarra eta institutuak ere lagundu egin zuen "Bariku Light" bere zazpigarren film laburra aurrera eramaten. Filma
El Monstruito ekoizpen etxeari esker ikus daiteke sarean, espainolez, ingelesezko azpidatziez lagunduta. Larunbatean sareko lehenengo emanaldia egiteko Zarata Jazz kafea aukeratu izana ez da kasualitatea. 2011ko uztailaren 30ean, bertan estreinatu zuten gore bideo-zinta. Bi urte eskas hauetan, makina bat festibal eta plazatik pasa da "Bariku Light", tartean Getxoko Kultur Etxearen film laburren jaialdia edota Itzubaltzeta gaztetxeak antolatutako emanaldia. Sariak irabazi ditu Herrialde Katalanetan, Gaztelan zein Uruguain. Filmak ostiral gauean etxean geldituko den Feliciano pertsonaiaren istorioa kontatzen du. Telebista piztu, patata frijituak maionesarekin jaten hasi, eta telebistan sexu saio bat ikusiko du… hortik aurrera abiatuko da abentura zoroa.