Erandioko Gazte Asanbladaren 6. urtemuga ospatuko dute bihar

Dozena erdi urte bete zituen urtarrilean Erandioko Gazte Asanbladak eta beste hainbeste igaro zen pasa den igandean, apirilak 28, aurkezpen publikoa egin zutenetik. Gauzak horrela, 2007ko urtarrilean "herrian gazteontzat ezer ez dagoelako" batutako 15 bat lagunek ereindako haziak uzta eta itzal luzea utzi du Erandion, tartean makina bat tailer, ikastaro, festa, kontzertu, joko, okupazio, identifikazio, manifestazio, epaiketa, algara eta malko izan direla. EGAk azaldu duenez, sei urte pasa dira "herrian gazte mugimendua berpiztea erabaki genuenetik, sei urte aisialdi alternatiboa eredu, ekimen ugari antolatuz, sei urte Erandioko gazteon arteko harremana sendotzen...". Halere, 2007an ezinbestekoa zena gaur ere beharrezkotzat jo dute: "egun bizi dugun egoera sozioekonomiko itogarri honetan, inoiz baino garrantzitsuagoa iruditzen zaigu herriz herri, auzoz auzo gazteria bizirik eta antolatua egotea. Gure etorkizuna gure esku zegoela aipatzen genuen aurreko urteurrenean, eta hala da, gure eskubide eta ametsengatik guk borrokatzen ez badugu, zeinek egingo du?", galdetu diete gazte erandioztarrei. Kezkak kezka, ibilbide oparoa ospatzeko egitarau zabala antolatu dute biharko, goizeko 11:30etik ordu txikietara arte, udaletxearen aurreko plazan zein gaztetxean, tartean lehenengo gazte olinpiadak, herri bazkaria eta Norte Apatxe eta Itziarren Semeak taldeen kontzertua. Argazkian, Erandioko gazte kilometroa pasa den Korrikan.

Lehenengo gazte olinpiaden iragarkia (© EGA)



Erandioko Gazte Asanbladaren 6. urteurreneko egitaraua

resized_6URTEe
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun