Etzi, igandea, Berangoko Nekazaritza eta Eskulangintza Azoka hartuko du Moreagako Parkeak. Azokak hogeigarren ediziora helduko da eta aurreko urteen erakusketarien kopurua mantenduko du, aurten 65 saltoki izango direla. Simon de Otxandategi dantza taldeak antolatzen duen ekimenak Euskadiko Euskal Pastelaren 15. txapelketa barne bilduko du. Egunean zehar, artisauek zuzenezko erakusketak egingo dituzte, doako dastamenak izango dira, txistulariek musikaz girotuko dute eguna eta Simon de Otxandategik zanpantzar dantza eskainiko du. Umeentzako puzgarriak ere egongo dira. Jon Celaya dantza taldeko kideak harro azaldu duenez, "edizio honetan herriko artisauen presentzia handia azpimarratu beharra dago. Azokara etorriko diren 24 artisauen erdia, gutxi gorabehera, Berangokoak dira”. Argazkian, azokako aurreko edizio bat / © Berangoko Udala.