Lehenengo ikuskizuna, biharkoa, Federico Garcia Lorca Andaluziako poeta eta dramagile bikainaren "La casa de Bernarda Alba" lan klasikoa izango da. Berangoko Txirlora taldeak antzezteko apustu handia egin du. Obra horrek autoritarismoaren eta askatasunaren arteko borroka islatzen du.
Maiatzaren 11n Itzartu taldeko partaideen txanda izango da. Sopelako emakumeen elkarteko talde horrek Juan Jose Alonso Millanen “Damas, señoras, mujeres” lana aurkeztuko du. Miguel Mihura edo Enrique Jardiel Poncela zentzugabeko antzerkiaren aitzindariak izan ziren eta hauek utzitako umorezko ondare satiriko bikainaren ordezkari ona da Juan Jose Alonso Millan. Oraingo honetan antzeztuko den lana oso emakume ezberdinak batzen dituen komedia da.
Maiatzaren 18an, Txalo konpainiak "Carpe Diem" antzeztuko du, aktoreak Iker Galartza, Sara Cortazar eta Joseba Usabiaga izango direla. Lana adiskidetasunaren mugen inguruan egiten den hausnarketa da. Bi gizon eta emakume bat eta jakina… gutxienez pare bat maitasun istorio. Heriotzaz hitz egiten duen komedia eta adiskidetasunaz jardungo den tragedia da. Bizitzeko gogoaz ari den tragikomedia.
Eta antzerki jardunaldiei amaiera emateko, maiatzaren 25ean Derioko Sutondo konpainiaren lana izango da. Miguel Mihuraren “Las entretenidas” antzeztuko dute. Obra horrek sentimenduzko harreman batzuk zurrumurruen ondorioz pikutara joan daitezkeela erakusten du.