Ertzaintzak Eider Zuriarrain Mendiguren gazte deustuarra atxilotu du gaur arratsaldean Sondikako ikastolan,
Bilboko Branka agerkari digitalak jakinarazi duenez. Zuriarrain lanetik irtetean hartu dute atxilo, ondoren Erandioko Ertzain-hirira eramateko. Deustuarra pasa den apirilaren 15ean kondenatu zuen Espainiako Auzitegi Nazionalak,
Jon Rosales algortarra absolbitu zuten kasu berean. Zuriarraini 7 urte eta sei hilabeteko espetxe zigorra ezarri zioten, 2010ean Ibai Beobide ustezko ETAko kidea bere etxean gorde eta muga zeharkatzen lagundu ziolakoan. Fiskaltzaren arabera, Algortako bizilagun izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere haiekin izan zen, baina oraingoz ez dute epaitu. Eider Zuriarrain 2011ko otsailaren 10ean atzeman zuen Frantziako Poliziak. Euroaginduari buruzko auziaren zain zegoela aske utzi zuten, martxoaren 10ean berriro atxilotu zutenera arte. Espainiaratu eta hilabete batzuetara, 2011ko urriaren 14an, aske utzi zuten 10.000 euroko fidantzaren pean. Handik hona hainbat izan dira Deustun eta Bilbon bere alde egindako mobilizazioak. Argazkian, Zuriarrain 2011ko urrian Larrabetzun egin zioten harreran / © Bilboko Branka.