Kongoko Errepublika Demokratikoko (Zaire antzina) umeentzako dirua biltzeko asmoz, gaur eta bihar, igandea, goizez, elkartasun azoka hartu du Goikolanda ikastetxeko gimnasioak, Erandio Landan. Hala ere, ez da hori Gurari kultur elkarteak astebururako prestatutako ekimen bakarra. Goizeko 10etan abiatu dute Zairekiko elkartasun jaia, Gurari taldearen txistulariak kalejiran hasi eta ingurua girotzeari ekin diotela. Ondoren neska-mutilen txanda zabaldu da, haurrentzako jolasak abiatu bezain pronto. Hemendik gutxira, 14:30ean, berriz, herri bazkaria izango dute. Horretarako txartelak 15 eurotan egongo dira salgai nagusientzat, eta 10 eurotan umeentzat. Sabelak bete ostean, mus txapelketan jokatu ala bingoan aritzea aukeran izango dira, 17:00ak aldera. Azkenik, jaiari bukaera emateko, Akerbeltz taldeak eskainiko du dantzaldia, gauerditik aurrera. Gurari taldeak hainbat urte darama elkartasun festa egiten. 2008an, Perura joan zen behertsuenentzako dirua. Hurrengo urtean, Palestinara. 2010ean, Haitiko lurrikarako biktimek jaso zuten laguntza. 2011n, berriz, Pakistanen haurrekiko hainbat proiektu diruz lagundu zituzten. Iaz, ordea, Somaliara bideratu zuten dirua. Argazkian, Kongoko Errepublika Demokratikoko Bundundu herriko bost nerabe pozarren sugegorri bat ehizatu ostean / cc-by-nc
Nick Hobgood.