Euskal Herriko Bakearen Aldeko Koordinakundeak (BAK, baina Gesto por la Paz espainolezko izenagatik ezaguna), bere burua desegitea erabaki du gaur Bilbon egindako XXV. Batzar Nagusian. BAKen ustez, jaio eta 28 urtez "bakearen aldeko eta giza eskubideen defentsan lanean" aritu ostean, oraindik ere "egiteko lan garrantzitsuak" gelditzen dira, ETAren "behin betiko desagerpena" kasu, "inolako kontrapartida edo baldintzarik gabekoa" nahi dutena, Europa Press albiste-agentziak jaso duenez. Desegiteko erabakia 150 aldeko botoz hartu dute, eta beste 5 abstenitu dira. Izan ere, ETAk bere jarduera armatuari behin betiko utzi zionetik elkartea desegitea baloratzen izan dira. Haien ustez, BAKek "oinarrizko ekarpena" egin du: "Euskal Herrian sortutako berariazko bortxakeria aurrean adierazpide kolektiboa kontzientziatu eta erraztea". Koordinakundea jendaurrean agurtuko da datorren ekainaren 1ean, Bilbon egingo duen ekitaldi batean, "Deia" egunkariak orain hiru egun aurreratu zuenez. Argazkian, Koordinakundeak 2000ko apirilaren 2an Algortan antolatutako mobilizazioa jazarpen indarkeriaren aurka / © BAK.