Oporrak Bakean programarako deialdia
Atfal Getxoko Sahararen aldeko elkarteak gogorarazi nahi du familia bat falta dela haur sahararrak hartzeko egindako aurreikuspenak betetzeko. 7 eta 12 urte arteko umeak dira uda honetan Getxora etorriko direnak Oporrak Bakean programaren harira eta Udalaren laguntzaz. Ekimen horrek helburu hirukoitza dauka: osasunari, aisialdiari eta kontzientziazioari lotutakoa. "Herritarrak animatu nahi ditugu ekimen solidario honetan parte hartzera, saharar ume bat udan etxean hartzea oso esperientzia positiboa eta aberasgarria delako. Gainera oso tenperatura altuetatik urrundu ahal izatea eta osasun hobekuntza edukitzea ere suposatzen du programak" nabarmendu du Kepa Miñambres Garapeneko Lankidetzarako zinegotziak. Argibideak honako telefono eta posta elektronikoen bidez eskura daitezke: 658751359, 944660017, atfalgetxo[abildua]gmail.com eta lankidetza[abildua]getxo.net.