Leioako Berbalagun egitasmoak "cupcake" tailerra burutuko du ostegunean, hilak 9. Irati Astobieta mintzapraktika taldeen dinamizatzaileak azaldu duenez, "madalenak deitu izan diegu beti, baina modernoak bilakatzen goazen neurrian, badakizue!". Izen bat zein bestea jarrita, pasteltxo gozoak egiten ikasteko asmoa daukaten zein "guraso eta seme-alabak elkarrekin euskaraz gozatzeko gogoa" duten guztiak gonbidatuta daude tailerrean parte hartzen. Ikastaroa San Bartolome auzoko txokoan egingo dute, arratsaldeko 6etatik aurrera. Joateko asmoa dutenek horren berri emateko mezu bat bidali beharko dute aurretik
leioa_berba[abildua]aek.org posta elektronikora.
Leioako Berbalagun ekimena tokiko udal euskara zerbitzuak, Lamia AEK euskaltegiak,
Mastitxu udal euskaltegiak eta
Berbalamiñe euskara elkarteak sustatzen dute. Bestalde,
Uribe Kostako Mankomunitateko Berbalagun ekimenak Tai Ji ikastaroa antolatu du. Bi saio izango dira eta datozen asteazkenetan, hilak 8 eta 15, egingo dituzte Sopelako Kurtzio kultur etxean, 18:30etik 20:00era. Argazkian, pasa den azaroaren 17an egin zuten ikasturte aurkezpena Leioako berbalagunek.