Ertzaintzak 18 urteko neska bat atxilotu zuen pasa den ostiralean Getxo udalerrian larderiazko lapurreta batean parte hartu zuelakoan. Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak zabaldutako informazioaren arabera, apirilaren 26an bi emakumek Deustun lapurtu egin zietela salatu zuten Ertzaintzaren aurrean. Biktimek esan bezala, beste bi emakumek haiengana hurbildu eta indarrez poltsa kendu zioten haietako bati. Defendatu zirenean, erasotzaileek kolpatu zituzten eta lasterka ihes egiteari ekin zioten. Ertzain patruila batek poltsa hutsik topatu zuen gertuko kale batean eta ikerketa abiatu zuten, 18 urteko neska batek lapurretan parte hartu zuela susmatuz. Gaztea herenegun arratsaldean topatu eta atxilotu zuten Getxo udalerrian. Ertzain-etxetik pasa ostean epailearengana eraman zuten. Ertzaintzak lapurretan parte hartu zuen bigarren ustezko egilearen bila jarraitzen du.