Maiatzaren 30erako Greba Orokorra antolatu dute Hego Euskal Herrian ELA, LAB, ESK, EILAS, EHNE, Hiru, CGT eta CNT sindikatuek zein 60 gizarte eragile inguruk, tartean eskualdeko Erromo Duin, Plaza Beltza eta hainbat langabetu asanblada. Era koordinatu batez Itzubaltzeta / Romo mailan greba arrakastatsua izan dadin, gaur bertako greba batzordea eratzeko bilera deitu dute. Batzarra Lope de Vega kaleko kultur etxean izango da, arratsaldeko 7:30ean. Azken urteotako greba guztietan Itzubaltzeta / Romoko Greba Batzordeak paper aktiboa jokatu egin du eta bertatik Erromo Duin kolektiboa sortu egin da. Maiatzaren 30eko greba orokorra pasa den apirilaren 19an deitu zuten sindikatu eta eragileek, "Eskubide sozial eta laboral duinak. Euskal Herria eredu propio baten alde" lelopean. Lanuztea defendatu zuten, "beharrezkoa, ezinbestekoa delako, 'nahikoa da!' esateko, gobernu ezberdinetatik datozen gure eskubideen kontrako erasoen aurrean". Era berean, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Gutuna sortzea aldarrikatuko dute. Argazkian, 2012ko irailaren 26ko greba orokorreko mobilizazioa Areetan.