Ekainaren 6ra arte dago Algortako San Inazio jaietako kartel lehiaketan parte hartzeko

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 22a, 12:48

Uztailaren 27tik 31ra bitartean ospatuko dira aurten Algortako San Inazio jaiak. Hain zuzen ere, horien irudia izango dena aukeratzeko, kartel lehiaketa deitu du Algortako jai batzordeak, urtero legez. Hala ere, irabazleak 100 euro baino ez ditu jasoko. Izan ere, Getxoko Udalak ezarritako murrizketak direla eta, kartel lehiaketaren saria ere txikitu behar izan dute. Jai batzordeak azaldu duenez, San Inazioak antolatzeko diru-laguntzetik %20 kenduko du aurten Udalak. Horretaz gain, festak aurrera ateratzeko jartzen zituen baliabideen (argindarra, heziak, biltegi moduan erabiltzeko kontainerrak, mahaiak, aulkiak, komunak...) diru-partidetan "artazia ere sartu du" tokiko erakundeak. Anbulantziei dagokienez, aurrekoetan ez bezala, jai batzordeak berak ordaindu beharko ditu. Eta eszenatokiekin gertatutakoa ez da gutxiagorako. Udalak dituen bi agertokiak partekatu beharko dituzte jai batzordeek. Hartara,bestelako eszenatoki edo tarimarik jarri nahi izatekotan tokian tokiko antolatzaileek jarri beharko dute dirua. "San Inazioak eta Itzubaltzeta / Romoko festak jarraian izan arren, eskerrak ez gaituztela agertokirik gabe utzi", adierazi du Algortako jai batzordeak. Horretarako, Berangoko eta Urdulizko udalei bana eskatu die Getxokoak. Horiek guztiak batuta, "%20koa beharrean, %34koa izango da murrizketa", salatu dutenez.

Kartel lehiaketarekin jarraituz, ekainaren 6ko arratsaldeko 6ak arte egongo da lanak entregatzeko aukera. Horretarako, parte hartzaileek Algortako Villamonte plazako A4 zenbakian dagoen Eztabaida gunera jo beharko dute. Egun horretan jai batzordeak osatutako epaimahaiak hiru aukeratu eta bere Facebook orriaren bidez zabalduko ditu, jendeak gogokoena bozka dezan ekainaren 12ra arte. Edozein zalantza izanez gero, aixerrota.jaibatzordea[abildua]gmail.com e-posta helbidera jo daiteke. Saritu gabeko kartelak, berriz, egileei itzuliko zaizkie. Hala ere, guztiak jarriko dituzte ikusgai jai batzordearen blogean (algortakosaninazioak.mundua.com).

Ezaugarriak

Kartelen ezaugarriei dagokienez, 65x50 zentimetroko (ez-etzana) neurria eduki beharko dute aurkeztutako lanek, euskarri gogorrean edo paper gainean. Neurri bitxian, agian. Kontua da kartelaren behekaldean faldoia jarriko duela jai batzordeak murrizketak salatu zein jai batzordearen beraren eta Getxoko Udalaren (behartuta daude, diru-laguntza jasotzen dutelako) logoak jartzeko. Gaia librea bada ere, "Algortako San Inazioak 2013", "Uztailak 27-31" eta "Jaietan ere euskaraz!" dira jarri beharreko leloak. Kartelaren atzealdean ezizen bat jarriko da, kartelarekin batera emango den gutun-azalaren kanpoaldean ere jarrita egongo dena. Gutun-azalaren barruan egilearen izen-abizenak, helbidea, telefonoa eta helbide elektronikoa, besteak beste. Baliabide informatikoak erabiltzekotan (eta edozein kasutan ere) CD bat aurkeztu beharko da kartelarekin batera, horren irudi digitalizatuarekin.
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun