Ararteko erakundeak antolatutako ekimen xedea informazioa eskuratzeko eskubidea aldarrikatzea da. Izan ere, "oinarrizko eskubidea da eta estu lotuta dago informazio-askatasunarekin eta botere publikoa gauzatzean funtsezkoak diren printzipio batzuekin, adibidez, gardentasunarekin eta parte-hartze eraginkorrarekin. Eskubide hori giza eskubideen nazioarteko zuzenbidean aitortu dute, Europar Batasunaren eremuan, baita gure inguruko herrialde gehienetako legerietan ere", Arartekok gogoratu duenez.
2008an Europako Kontseiluak nazioarteko lehen ituna onartu zuen arlo horretan: hain zuzen, Informazioa eskuratzeko eskubideari buruzko Europako Ituna. Estatu espainolak oraindik ez du itun hori berretsi. Era berean, oraingoz, EAEn zein Estatuan ez dago legeriarik informazio publikoa eskuratzea herritarren eskubide gisa babesten duenik.
Helen Darbishire
Helen Darbishire Access Info Europe erakundeko zuzendari exekutiboa da, giza eskubideen arloan profesionala eta adierazpen askatasunean, prentsa-askatasunean eta informazioa eskuratzean espezializatua. Darbishirek eskarmentu handia du informaziorako eskubidea sustatzeko asmoz nazioartean lan egiten, bereziki Europan, Latinoamerikan eta Afrikan informazioa eskuratzeko legeen idazketan laguntzen eta legeak abiarazten.
Article 19-rekin (London eta Paris, 1989-1998) eta Open Society Institute-ekin (Budapest eta New York, 1999-2005) lan egin du, baita aholkulari gisa ere gobernu arteko hainbat erakunderentzat (Unesco, Europako Batzordea, OSCE eta Munduko Bankua). Darbishire gizarte zibilarekin lanean aritu da Latinoamerikako eta Europa ekialdeko zenbait herrialdetan, informazioa eskuratzeari buruzko legeria onartu, berritu eta abiaraz dadin sustatzeko. Informazio Askatasunaren Defendatzaileen Sarearen sortzaile eta oraingo presidentea da. Helen Darbishire Historian eta Zientzien Filosofian lizentziaduna da Durham-eko (Erresuma Batua) Unibertsitatean. Madrilen bizi da eta gaztelaniaz, ingelesez eta frantsesez hitz egiten du.