Asteazken honetan, maiatzak 8, “
Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)“ liburuaren aurkezpena egingo dute Erandion, tokiko Euskara Zerbitzuak antolatuta. Hitzordua 19:00etan jarri dute Gizarte Etxean. Ekitaldian Fredi Paya lanaren egilea egongo da. Horretaz gain, liburua osatzeko protagonista edo informatzaile izan diren erandioztar batzuk ere gonbidatuak izan dira: besteak beste, Fede Abarrategi, Sabino Hormaza, Iñaki Leizea, Marcos Goirigolzarri eta Joxe Mari Bilbao. Bitartean, Adolfo Arejita Labayru Ikastegiko zuzendariak lan horrek hizkuntza eta kultura ondarearen berreskurapenean duen garrantziaren berri emango du,Erandiorako ez ezik, eskualde osorako ere bai, izan ere, liburua Uribe Kostako udalerriek (Leioa, Getxo, Uribe kostako Mankomuniatea eta Erandio) urteetan garatutako elkarlanaren emaitza da. Ekitaldiari amaiera emateko, Erandioko hainbat gaztek bertsoak kantatuko dituzte, eskualdean bertsolaritzak duen bizindarra eta iraganaren garrantziaz gain, etorkizuna bermatuta dagoela erakutsiz. Amaitzeko, lanaren egileak, Fredi Paya algortarrak, liburuak sinatuko ditu. Egun honetan liburuak dohan banatuko dituzte. Argazkian, apirilaren 17an aurkeztu zuten “Uribe Kostako Bertsolaritza (1900 – 1980)” liburua Areetan / © Getxo.net.