Erandioko Gazte Asanblada: "Gora Erandio gaztea!"

Lehenik eta behin eskerrak ematea, larunbatean, Erandioko Gazte Asanbladaren 6. urteurrena posible egin zenuten gazte guztioi: mahaiak jartzen ibili zinetenoi, olinpiadetan lehiatu zinetenoi, barra atzean egon zinetenei… Herenegunekoa guztion gogoa, lana eta parte hartzea barik ez litzateke posible izango. Gazteak gara eta ez gaude konforme, esaten zuen duela gutxi entzundako kanta batek. Ez, ez gaude ados sistema honek gazteoi eskaintzen digun bizi eredu prekario, eta grisarekin. Merkatura bideratutako ikasketak egin, langabezi itogarria jasan, gurasoekin betirako bizi, egunero eta edonon eredu indibidualista, matxista eta kontsumista… irentsi. Uneoro krisia gora eta krisia behera aritzen dira, baina egun pairatzen ari garen egoera Kapitalismoaren ondoriorik latzena baino ez da. Hamarkadetan zehar aurreko belaunaldien borrokari esker lortutako eskubideak, gu konturatu barik lapurtzen ari dira. Hemen gaudela aprobetxatuz, gure babesa 30ean Hego Euskal Herrian burutuko den greba orokorrari. Gazteok ez dugu zer galdu, beraz denok borrokara! Argazkian, larunbatean egindako bazkaria / © Erandioko Gazte Asanblada (EGA). Argazki gehiago.

Egun gazteok bizi dugun egoera larri honetan ezinbestekoa ikusten dugu antolatuta egotea.

Kapitalismoak itsu, mutu eta gor nahi gaitu, baina juxto horren kontrakoa egitea proposatzen dizuegu. Adi ibili, inguruan gertatzen diren gauzei arreta jarri, ez zaitezte etxean edo lonjan geldirik geratu, atera kalera, zuen ideiak adierazi, konpartitu, antolatu eta alternatibak eraiki!

Zeinek esango zuen duela sei urte hemen, Erandioko gaztetxean gaztez inguraturik egongo ginela?

Jakina da txinparta txiki batek sute handiak eragin ditzakeela. Bai, sinesgaitza dirudien arren Erandioko gazte mugimendua hutsaren hurrenetik hasi zen eta egun bizi-bizirik dagoen sute ikaragarria da!

6 urte hauetan zehar hamaika izan dira aurrera ateratako proiektu eta ekimenak, batzuetan bizkor, beste batzuetan motelago, baina beti, beti aurrera eginez.

Eta horrela jarraituko dugu, gaudenon eta hurbildu nahi duzuen guztion artean, herria eraikiz, herri bat martxan!

Ez izan lotsarik, gazte mugimenduaren parte izatea zure esku dago, etorri, atea jo eta barrura! Gazteon indarra batuz indartsuagoak gara. Gazte zure momentua da!

Gonbidapena Erandiok dituen auzo desberdinetara ere, zuen txinpartek etorkizuneko sua! Beldur barik, ekin antolatzeari!

Gora Erandioko Gazte Asanblada!

Larunbateko ekitaldian emandako bideoa (© Erandioko Gazte Asanblada)



Eguneko argazkiak (© Erandioko Gazte Asanblada eta cc-by UKBERRI.NET)

Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun