Andoni Ortuzar EAJren presidenteak azaldu duenez, bere alderdiarentzat "normala" da egindako polizia operazioa. "Ez ditugu Poliziaren pauso horiek ezbaian jarriko, baina kartzela-politika desberdina izatea nahiko genuke, ausartagoa, justuagoa eta egokiagoa", gaineratu du Radio Euskadin egindako elkarrizketa batean.
Bere aldetik, Aralar alderdiak oharra kaleratu du "elkarrizketa abian jartzea eta gatazkaren ondorioei konponbidea emateko adostasunak erdiestea" eskatzeko zein atxiloketak egiteari utz dadila eta legeria antiterrorista bertan behera laga dadin aldarrikatzeko.
Guardia Zibilak eta Frantziako Poliziak elkarlanean egindako operazioan sei lagun atxilotu dituzte goizeko lehen orduetan. Polizia iturrien arabera, Raul Aduna, Antonio Goikoetxea, Igor Uriarte, Julen Mendizabal, Ekhiñe Eizagirre eta Kepa Artauz dira atxilotuak, baina Barne Ministerioek ez dituzte izenak berretsi. Espainiako Barne Ministerioak zabaldutakoaren harira, sarekada hiru herritan eman da, Parisko Blois herrian, eta Okzitanian diren Limoges ondoko Brive-la-Gallarden eta Montepellierren. Bina lagun atzeman dituzte toki bakoitzean. ETAren hornikuntza sareko kide izatea leporatu diete, zehazki Elosa taldea osatzea. Bestalde, Manuel Valls Frantziako Barne ministroa pozik agertu da sarekadarekin zein Frantziaren eta Espainiaren arteko kooperazioak emandako fruituez: "Arazoak Espainiako Euskal Herrian garapen positiboa izan duen arren, gure herrialdeak ez dio utzi erakundearen egitura klandestinoen antolaketa logistiko eta militarrerako basea izateari". Argazkian, guardia zibila bat Leioan artxiboko irudi batean.