Aralar: "Elkarrizketa garaia da, praktika antiterroristak albo batera utzita"

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 7a, 15:14

Gaur Frantziako estatuan izan diren atxiloketen aurrean, Aralarrek honako hau adierazi nahi du: 1. Terrorismoaren kontrako borrokan aritzeko baino gehiago, elkarrizketa egiteko garaian gaude. ETA erakundeak 2011ko urtarrilean jakinarazi zuen behin betiko bere jarduera armatua uzteko erabakia, eta orduz geroztik behin baino gehiagotan berretsi du jarrera hori. Horrenbestez, beharrezkoa da elkarrizketa abian jartzea eta gatazkaren ondorioei konponbidea emateko adostasunak erdiestea, atxiloketak egiteari utzita eta antiterrorista deitutako legeak bertan behera uzteko lanari ekinda. 2. Aieteko Nazioarteko Bake Konferentziaren ondorioetan jasotzen da ETA erakundearen desarmea gauzatzea beharrezkoa dela, eta horretarako bidea ere zehazten du. Beraz, ETA erakundearen desarmea gauzatu ez bada Espainiako Gobernuaren jarrerarengatik izan da, ETAk ez bezala, ez baitu inoiz aintzat hartu eta ez baitu inoiz bete Aieteko Konferentziaren ondorioetan jasotakoa. Argazkian, Aralarren Hegoaldeko Batzarraren bilkura bat artxiboko irudian / © Aralar.

3. Gernikako Akordioan jasotakoaren haritik, aldebakarrekotasunaren esangura eta garrantzia azpimarratzen du Aralarrek. Bake eta normalizazio politikoaren bidean garai itxaropentsu hauetara iristea lortu bada, aldebakarrekotasunaren bideari eutsi zaiolako izan da, eta aurrerantzean ere bide horretan urratsak ematen jarraitzea da bide bakarra. Aldebakarrekotasunak azaltzen dio Euskal Herriari eskubide guztiak oso osoan aldarrikatzeko zilegitasuna.

4. Aralarrek dei egiten die Euskal Herriko eragile politiko eta sozialei eta gizarteari oro har jarrai dezatela bakearen eta normalizazio politikoaren eta sozialaren bidean sakontzen, orain arte egin duen bezala. Bakea etorriko bada, beharrezkoa da gizarte osoaren ahalegina eta inplikazioa. Horrenbestez, bide horretan urrats eraginkor gehiago emateko deia egiten du, itxaroten geratu gabe inoiz mugituko ez den Espainiako Gobernuari.

Aralar
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun