Espainiako Auzitegi Nazionalak 20.000 euroko fidantza jarrita aske utzi du Ertzaintzak
ostiralean atxilotu zuen Eider Zuriarrain gazte deustuarra,
Naiz.info-k jakinarazi duenez. Era berean, gaur Madrilen bere burua aurkeztu duen Euri Albizu segurarra ere aske utzi dute, ziegatik pasa eta berme kopuru bera ordaindu ostean. Urtebete inguruko haurrarekin sartu da epaitegietan Albizu. Zuriarrain eta Albizuri 7 urte eta 6 hilabeteko espetxe zigor bana ezarri zien Auzitegi Nazionalak pasa den apirilean,
Jon Rosales algortarra absolbitu zuten kasu berean. Auzi horretan 2010ean Ibai Beobide ustezko ETAko kidea muga zeharkatzen laguntzea leporatu zieten bi emakumeei. Fiskaltzaren arabera, Algortako bizilaguna izandako Jone Lozano Miranda gatibu leitzarra ere haiekin izan zen, baina oraingoz ez dute epaitu. Epaia irmoa ez izan arren eta Auzitegi Gorenean helegitea jarrita izan arren, Zuriarrain atxilotzea agindu zuen Auzitegi Nazionaleko 3. Aretoko magistratuak. Orain, atzera egin du berarekin zein egoera berean dagoen Albizurekin, Auzitegi Gorenak ebazpena eman bitartean. Bitartean, atxilotuta jarraitzen dute auzi beragatik larunbatean atzemandako Xabier Atristainek eta Juan Mari Mariezkurrenak. Argazkian, Zuriarrain 2011ko urrian Larrabetzun egin zioten harreran / © Bilboko Branka.