Hasieratik estilo bizia erakutsi du Fuchsek eta bere musikan bluesa, rocka eta soula uztartzen ditu. Etta Jamesen eta Aretha Franklinen mailako artista handiak hartzen ditu oinarri eta kritikoek Janis Joplin abeslari handiarekin parekatzen dute. Izan ere, artista hori antzeztu zuen Fuchsek "Love, Janis" Broadwayko musikalean.
Egun arte, hiru disko kaleratu ditu: "Lonely for a Lifetime" (2003), "Live in NYC" (2007) zuzenekoa eta "Love to Beg" (2011). Uztailaren 9an kaleratuko den "Bliss Avenue" gehituko zaio bere diskografiari eta Getxoko jaialdira joango diren zaleek horren kantak gozatzeko aukera izango dute. Ziuraski, Fuchsen saioa ikusmin handia sortuko du, ez bakarrik disko berria aurkeztuko duelako, baita iaz azken orduan bertan behera utzi behar izan zuen jaialdi algortarrean programatutako kontzertuagatik ere.
"Bliss Avenue"rekin beste norabide bat hartzen du Fuchsen jarduerak, baina ez estiloari dagokionez. Disko berriko hitzek, eduki humanista dutenek, erakutsi dute Fuchsen bilakaera musikagintzan. Kantek oso istorio pertsonalak kontatzen dituzte. Horien protagonistek sufrimendu handia dute eta zorionaren bila dabiltza, baina hori lortzeko guztiz kontrakoa eragiten duenaz baliatzen dira.