Sortu aurkeztu dute Leioan

Erabiltzailearen aurpegia Ukberri 2013ko mai. 7a, 20:03

Pasa den ostiralean, Sortu alderdia aurkeztu zuten Leioan. Abertzale eta ezkertiarrak batzeko asmoa duen eragile politikoak arratsalde eta gau egitaraua antolatu zuen Plaza Gorrian, haur jolasetan, ekitaldi politikoan eta herri afarian dozenaka lagun batu zirela. Alaine Bilbao Bizkaiko Sorturen Lurralde Kontseiluko kideak eta Gabi Elkoroaristizabalek ekitaldian gogoratu zutenez, Sortu ezker abertzaleak “Zutik Euskal Herria!” ebazpenean jasotako estrategiaren "ondorio organizatiboa" eta "garapenerako tresna" da, "denon artean indartu eta zabaldu beharreko bitartekoa". "Independentziaren eta sozialismoaren bidean, eraldaketa politikoa eta soziala erdiesteko erreminta" lez ere aurkeztu zuten alderdia. Argazkian, Leioako Sortuko hainbat kide / © Leioako Sortu.

Era berean, Sortu estrategia berri baten tresna bada, "ziklo politiko berriari borroka eta antolakuntza molde berrituez" ere ekin nahi dio, "nazio askapenaren eta jendarte eraldaketaren aldeko borrokan" herri batasunak historikoki egindako ibilbidea ahaztu barik. Ildo horretan, BIlbaok eta Elkoroaristizabalek aipatu lez, "herri eta langile borroka zahar eta berri ezberdinetatik" datoz ere Sortuko kideak, "herri eta jendarte askearen aldeko borroka" egiteko asmoa dutenak. Izan ere, barne kontraesanak eta arazoak onartuta ere, "askapen prozesuan egindako aurrerapausoei esker" egungo egoeraraino heldu dela gogoratu zuten. Etorkizunean, "eztabaida eta lan militanteari esker" ere aurrera egingo dutelakoan daude.

Askatasuna helburu

Euskal Herriaren askatasuna jokoan dela iritzita, Frantziak zein Espainiak eskaintza demokratikoren ordez "betiko ukazioa, betiko indarkeria eta betiko inposizioa" eskaintzen dutela salatu zuten. Halere, orain arteko errezetak agortuta daudeneko iritzia plazaratu zuten. "Herri borondateak izan behar du muga bakarra eta etorkizuna eraikitzeko ardatza, Autodeterminazio Eskubidea egunero praktikara eramanez", azpimarratu zuten Sortuko kideek. Bide horretan euskal Estatua eraikitzeko konpromisoa hartu zuten, horretarako "nazio askapena eta jendarte eraldaketa batzea ezinbestekoa" dela jakinda: "guretzat helburu bera delako emakume eta gizon askeen herri askea lortzea. Horregatik gure proiektua proiektu sozialista da".

Bide horretan, munduan zein Euskal Herrian ingurumena hondatu, parekidetasun eza bultzatu, ezinbesteko zerbitzu publikoen truke ordainduarazi, edota milioika pertsona miseria gorrira bidaltzea egozten dizkioten sistema kapitalistari aurre egin eta "ikuspuntu sozialetik, politikotik, ekonomikotik eta kulturaletik" alternatiba sortu nahi dute, justizia soziala, parekidetasuna, ama-lurrarekiko errespetua, lurraldeen arteko kohesioa eta hizkuntza nazionala suspertuz.

Era berean, Leioako Sortuko kideek gatazka politikoaren sorburuari eta ondorioei erantzuteko konpromisoa hartu zuten, indar politikoen arteko nazio elkarrizketaren eta akordioaren bidetik. Euskal herritar guztien erabakitzeko eskubidea gauzatzea ahalbidetuko duen egoera demokratikoa eskuratzeko salbuespen neurriak eta jazarpena gainditzera deitu zuten. Sortuk bereziki azpimarratu zuen "euskal preso politiko guztiak etxeratzeko bidean, dagozkien eskubide guztiak errespetatzea premiazko urratsa dela".

Lana etxetik eta herritik abiatuko dute

Bide hori, baina, etxean hasteko asmoa du Leioako Sortuk, alderdian antolatzea eta parte-hartzea indartuko dutela. "Eztabaidatzeko, erabakitzeko eta jardun militantea garatzeko, ezker abertzaleko kide ororen etxea da Sortu", Bilbao eta Elkoroaristizabalen ustez, "eta guztion beharra izango du askapen prozesua garaipenera eramateko". Gainera, Sortuk "azkenaldian eraberritutako gazte mugimenduarekin, langile mugimenduarekin eta, oro har, herri mugimenduarekin komunikazioa eta elkarlana lehenetsiko ditu. Mota ezberdinetako sektore eta eragileekin Independentziaren aldeko Herritarren Bloke Nazionala josi" nahi duela, "aliantzak eta akordio estrategikoak trinkotuz eta zabalduz; egunez-egun Euskal Herria eraiki eta egituratuz. Herri Estrategia Nazional bat garatzeko ordua da", gaineratu zuten.

Leioan ere, hori izango dute jarduna, "udalerriko bigarren indarra bilakatu den Bilduk abertzale eta ezkertiarren aliantza" baita. Marko horretan, eguneroko arazoei konponbidea emateko proposamenak landu nahi dituzte, etxebizitza eskubidea, emakumeen osotasun fisikoa, auzoen jendarte eta kultur bizitza, gazteen parte-hartzea, euskaraz bizitzeko eskubidea bermatuko dituen herria egiteko. Ustelkeriarik gabeko udalerri gardena eta parte-hartzailearen alde egingo dutela agindu zuten Sortuko kideek eta hezkuntza, kirola, kultura eta jendarte eragileetan zein Udalean ere lan egitera deitu zuten. Barne eta kanpo demokrazia agindu zuten, "inguratzen gaituen mundua begirada kritikoz aztertzearekin batera, autokritika ere ezinbesteko ezaugarri bilakatu behar" dugula iritzita.

Azkenik honako gonbitea luzatu zieten leioaztarrei: "Sortu Euskal Herriarekiko eta askatasunarekiko duen konpromisoan berrezten da. Aurrera begira gure herritik, Leioatik hasita, Euskal Herri osoa iraultzeko gonbitea luzatzen dizuegu. Denok batera egin dezagun aurrera! Euskal Herriko emakume eta gizonak merezi eta behar dugun etorkizuna eraiki behar dugulako".
Irakurle agurgarria:

HIRUKA gure eskualdeko euskara hutsezko hedabide bakarra da; egunero 10 udalerriren berri ematen dugu, eta hilabetero doan duzu aldizkaria kalean, tokiko komertzioetan zein erakunde publikoen egoitzetan. Eta orain doan bidaliko dizugu etxera nahi izanez gero! Proiektua bizirik jarraitzeko, ezinbestekoa dugu zu bezalako irakuleen babesa eta ekarpen ekonomikoa.

Egin zaitez HIRUKAlagun eta gozatu euskaraz!


Izan zaitez HIRUKAlagun