Espetxean da jada Algortan 20 urteko gazte getxoztar bat arma zuriz hiltzea leporatu dioten 25 urteko gizonezkoa. Epaileak astelehen arratsaldez galdekatu zuen eta ondoren Basauriko kartzelara igorri zuen.
Heriotza igande goizean jazo zen, Algortako Bizkerre kalean. Goizeko 6:30ak pasata, Getxoko Udaltzaingoa bertaratu zen inguruan liskar bat izan eta gazte bat arma zuriz zauritu zela jakitean. Biktima oso larri aurkitu zuten. Ondoan den DYA elkarteko zenbait medikuk gaztea artatu zuten, baina ezin izan zuten gaztea berpiztu eta ordubete ondoren hil zela baieztatu zuten. Bitartean, Getxoko Udaltzaingoak lekukotasunak bildu eta gerora espetxeratu duten 25 urteko mutila atxilotu zuen, heriotzarekin lotura zuelakoan. Ertzaintzaren ustez, inguruetan topatu zituzten artaziez joz hil zuten gaztea. Getxoko alkateak Bozeramaleen Udal Batzordea bildu, familiari
dolumina agertu eta liskarra abiatu zen lonja ixtea agindu zuen. Argazkian, Basauriko espetxea.