Ertzaintzak gizonezko bi atxilotu zituen atzo eguerdian Lemoizko zentral nuklearrean. Segurtasun Sailak zabaldu duenez, zentraleko segurtasun langileek deitu zuten polizia, lursail barruan "ibilgailu susmagarri bi" aparkatuta zeudela jakinarazteko. Era berean, guardiek zentraleko sistema elektrikoko zenbait kable pilatuta topa zituzten pabilioiren batean, "garraiatzeko prest" baleuden bezala. Instalazioen tamaina handia dela eta, bertaratutako poliziek zaintza operatiboa jarri zuten, arrotzak atzemateko asmoz. Zainketan zehar, pilatutako kableak batzera joan ziren lau pertsona zelatatu zuten. Horiek, baina, ertzainak ikusi eta ihes egiteari ekin zioten nor bere norabidean. Haietako bi harrapatu eta atxilotu zituzten, beste biek alde egitea lortu zuten bitartean. Atzemandako biak epailearen aurretik pasa ziren atzo. "Antzeko gertaerengatik polizia-aurrekariak" dituztela zabaldu du Ertzaintzak, beste bi gizonak harrapatzeko ikerketa abiatu duela.