Bake eta Bizikidetzarako Ponentzia eratu da Gasteizko Legebiltzarrean, hiru alderdik bakarrik osatua. Denbora kontua da PP ere sartzea Ponentziara, ohartzen direnean kanpoan egoteak galera handiagoa dakarkiela irabazia baino. UPyD egoteak edo ez egoteak ez du gehiegi aldatzen; kanpoan egonda ere berdin-berdin saiatuko baita baldintzatzen PPren jokabidea, Legebiltzarrean eta Kongresuan egiten ohi duen bezala.
Egunotan urtebete izan da ertzain batek bost metroko distantziatik Iñigo Cabacasi tiro egin ziola atzetik pilota batekin. Urtebete joan da eta ertzain-etxean ez dakite nor izan zen, nork eman zuen agindua eta zergatik kargatu zuten kale kantoi batean inolako istilurik ez zegoenean. Egun hartako ahozko grabazioak ezagutu ditugun arren, eta sei ertzain ohiko lanpostutik adminstraziora erretiratu dituzten arren, ertzainburuek segitzen dute jakin gabe, omen, zer gertatu zen egun hartan. Manolo Cabacasek Legebiltzarrean esan zuen bere ustez gertatu zena: “tenían odio acumulado”.
Egunotan berriz irakurri ahal izan dugu nola bortxatu zuten neska bat atxilotu zuten egunetan orain bi urte. Ezin dut imajinatu neskaren gurasoen inpotentzia, ikustean ez dutela jakiterik nork bortxatu zuen alaba, nahiz eta bortxaketa langile publiko batek egin zuen komisaldegian eta lanorduetan, eta langile horren soldata gurasoek ere ordaintzen duten beren zergekin.
Aste intentsoak izan dira, bai, zailak une batzuetan, eta hala ere, bagoaz aurrera. Garai zaharra hiltzen ari da eta berria oraindik ez da guztiz sortu. Nahasian daude antigoaleko gertaerak eta garai berrikoak.
Aldaketa garaian ezinbestekoa da nork bere burua kokatzen jakitea, malgu jokatzea eta iparrorratza ez galtzea. Bide luzea egin dugu denbora laburrean, baina oraindik abiapuntuan gaude, helburua ez baita nolanahikoa: burujabetza eta sozialismoa.
Bi urte beteko ditu Bilduk hilabete honetan, 17 hilabete ditu Amaiurrek eta 11 hilabete bakarrik EH Bilduk. Eta ezinbesteko erreferente politikoak dira Euskal Herriko politikagintzan.
Ezkertiar soberanistok abantaila handia dugu gainontzeko alderdiekiko: badakigu nor garen, badakigu nondik gatozen eta, batez ere, badakigu nora goazen, beste alderdiak (EAJ bereziki) noraezean dabiltzan bitartean, nora joan jakin gabe eta brujula galduta.
Laura Mintegik astelehenean bere blogan argitaratutako artikulua.