Masa barruan, inor ezin baita bereizi. Ez dago "Schlinderren Zerrenda"-ko jaka gorridun neskarik, gainerako imajina zuri-beltzengandik nabarmenduz sekuentziari kolorea ematen dionik. Eta ekonomia fakultateetatik karpetak mareatzen ibili garen guztiok ondo dakigunez, gainerakoengandik ezin bazara desberdindu, ze balio du zure ahotsak? Hots, masako beste edozeinek ordezka bazaitzake? Ba gainerako guztien ahotsak duen balio berbera, hau da, gure gaitz guztien iturri legez ulertzen dugun irizpiderik gabeko plastilina moldagarriaren balioa. Masa kontsideratzea iraina da munduan leku bat izateko bere anbizio pertsonalak betetzen lagunduko dion identitate erakargarri baten bila bizi den XXI. mendeko klase erdiko europar biztanlearentzat.
Andrzej Stasiuk nobelagile poloniarrak ondo deskribatzen du gainerakoengandik desberdindu beharra eta gizarte kontsumistaren arteko elikadura: "Teknika ezberdinen bidez gure gorputzak alda genitzake, forma berria emanez. Gauza bera nortasunarekin, inguratzen gaituen jendea eta giroak aldatuz, aisialdi ohiturak berrituz eta eurekin identifikatuz, gure estruktura psikologikoa aldatzeraino. Prozesu hauen motorra den eta komunikabide guztietan, era batera edo bestera, enkriptaturik ageri den `izan zaitez zu' lelopean".
Hori horrela bada, ez al dago masa izan edo kontsumo adierazpenetan oinarritutako nortasun eredu postmodernoen arteko biderik, alternatibarik? Nire ustetan badago. Eta egiten ditugun gauzei eskaintzen diegun denbora, eta ondorioz, sakontasunean datza. Grafikoki azaltzeko, gure lekua aurkitzea ez da ur azalean zehar horizontal bidaiatuz beste inor pausatu ez den zatia topatzea, koltxoneta jartzeko. Gure lekua ur azpian dago. Berezitasuna, nortasuna, sakontasunean datza, ez ohitura berrien kontsumoan.
Fredi Paya bertsolari eta etnografo algortarrak gaur "Gara" egunkarian argitaratutako artikulua.