Getxoko Udaltzaingoak gizonezko bat atxilotu zuen atzo, astearte arratsaldean, "osasun publikoaren kontrako delitua" egotzita. Udal iturriek zabaldu dutenez, Getxoko Instrukzioko 2. epaitegiak bere aurkako bilaketa-agindua zuen emanda. Gauzak horrela, poliziek A.M.T. inizialak dituen gizonezkoa udalerriko kale batean ibilgailu bat gidatzen ikusi eta identifikatu zuten. Epaitegiaren agindua baieztatu ondoren, gizona gelditu eta orduan ikusi zuten "zer edo zer manipulatzen ari zela eta ibilgailuaren gordetegian sartzen zuela", udaltzainen arabera. Gordetegi horretan udaltzainek plastikozko lau poltsa aurkitu ei zituzten eta poltsa bakoitzean substantzia baten zenbait kantitate, ustez marihuana, eta, horiekin batera, gai estupefazienteak pisatzeko erabiltzen den balantza digitala ere aurkitu zuten, polizien bertsioari jarraiki. Ondoren egindako araketan, udaltzainek, jantzien artean, beste substantzia bat zuen bilgarria topatu zuten, ustez kokaina zuena. Agenteek A.M.T. atxilotu zuten epaitegiaren agindua betez eta, era berean, "osasun publikoaren kontrako delitua" egotzi zioten. Atxilotuak, "osasun publikoaren kontrako delituengatik eta lapurreta batzuk egiteagatik" hainbat aurrekari dituela zabaldu dute. Argazkian, Getxoko udaltzain bat.