Udaltzain bati diziplinazko espedientea zabaltzea erabaki du
Sopelako Udalak, ustezko falta larri bat egin duelakoan. Tokiko iturriek azaldu dutenez, apirilaren 2an jazo zen gertaera, 08:05ean Sopelako Udaltzaingoaren egoitzan. Aipatu udal azpiegituretan, suzko arma baten deskargaren ondorioz eztanda gogor bat entzun zen ordu horretan. "Armazainaren alboko horman inpaktu bat topatu zen", gaineratu dutenez. Arma erabiltzen ari zen udaltzainak gertaeraren inguruko eginbide bat zabaldu zuen, Ofizial Ondoko Operatiboak hala eskatu ostean. Udal arduradunek diotenez, bertan, udaltzainak esaten du Segurtasun Protokoloa jarraitzerakoan, “armak tiro egin zuela”, eta beraz, eztanda kliskagailua sakatu ostean gertatu zela. Haatik, Sopelako Udal Gobernuak aipatu gertaera "zabarkeria edo zuhurtziagabekeriagatik" gertatu zela uste du. Udal arduradunen arabera, "eztanda gertatu zenez, udaltzainak ustez ez zuen Segurtasun Protokoloa bete, kliskagailua sakatzerakoan bala bat errekamaran zegoelako, eta beraz, ustez ez zuen erekamara hutsik zegoela behar bezala begiztatu". Argazkian, Sopelako udaltzain auto bat.