Eloy Velasco Espainiako Auzitegi Nazionaleko epaileak atzera egin eta onartu du Aitor Ortuondo
Ekostat Informatica SL Gorlizko enpresako langileak ez zuela ardurarik izan Ernai gazte antolakundearen webgunean eta, beraz, "terrorismoa goratze" delitua leporatzeari utzi dio. Hortaz, ostatatze enpresako behargina auzitik at lotu da eta ez du bihar deklaratzera joan beharko Auzitegi Nazionalera, albiste-agentziek zabaldu dutenez. Halere, magistratuak edukien arduradunak bilatzea agindu dio Espainiako Poliziari. Velascok apirilaren 26an
Ernairen webgunea "lineaz kanpo uztea", hots, ixtea, agindu zuen, Xabier Lopez Peña euskal presoa zena atari horretan goraipatzea eta beraz, "ETAko buruzagi eta erakunde horretako partaide" bat goratzea leporatu zien webguneko arduradunei, tartean Ortuondori. Informatikariak azaldu zuenez, berak zein Ekostatek ez zuten inolako ardura webguneko edukietan: "Telefonicari kontratatutako sakelako telefono batez baliatuz norbaitek delituren bat egin eta Telefonicako presidentea egotziko balute bezala da". Ernaik bere aldetik, "Adierazpen askatasunaren aurkako gertakari larria"
salatu zuen. Bitartean,
Ernaiantolakundea.org ixteko agindua bete egin dute, helegiterako epea gaindituta. Gotzon Elizburu Ernaiko bozeramaileak "datorren asterako webgune berria izateko" asmoa dutela azaldu du
"Berria" egunkariak egin dion elkarrizketan. Irudian, Velascok salatutako irudia / © Ernai.